Manifestazioa egin dute, maiatzaren 30eko grebara deitzeko
Euskal Herriarentzat Eskubide Sozialen Eskutitzaren eraketa aldarrikatu dute.
Donostiako kaleetan barrena manifestazio jendetsua egin dute, besteak beste, maiatzaren 30era deituta dagoen greba bultzatzeko. Manifestazioa hainbat eragile sozial zein sindikalek deitu dute. Bestalde, Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Karta bat eratzeko beharra aipatu dute, eta gogorazi dute eraketaren bidean deitu dutela maiatzaren 30eko greba.
Manifestazioan zehar kapitalismoaren aurkako oihuak, banketxeen aurkakoak, burujabetzaren aldekoak eta grebara dei egiten zutenak entzun dira.
Ezohiko ibilbidea egin dute, hirian hainbat ekimen daudelako Olatu Talkaren baitan, eta Okendo plazan amaitu dute manifestazioa. Bertan adierazpenak egin dituzte. Greba orokor baten beharra azpimarratu dute, eta eraldaketarako garaia dela esan dute; “gure herrirako alternatiba sozial bat eraikitzeko prozesu bat bultzatzeko erabakia hartu genuen, Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Karta bat osatzea, hain zuzen ere”, esan dute.
Dei egin dute eskutitzaren eraketan parte hartzera; “parte hartze herrikoiaren bitartez, eskutitz hau, aldarrikapen tresna ez ezik, helburu argien inguruan indarrak batzeko hasierako urratsa izatea nahi dugu”, esan dute.
Amaiatzeko, salatu dute, Euskal Herrian oraindik, emakumeak emakume izate hutsagatik erasotuak eta erailak direla. Ondoren, Internazionala eta Eusko Gudariak kantatu dute manifestazioari amaiera emateko.


