Ziklobia arrakastatsua egin dute, eguraldiak lagunduta
Egun batez, Olatu Talkaren barnean, motordun ibilgailurik gabeko bidea egokitu dute Ibaeta eta Zubieta artean.
Ibaeta, Añorga eta Zubieta batu dituen Ziklobia, motorrik gabeko ehundaka lagunek bete dute goizetik. Olatu Talkaren barruan zegoen ekimena antolatuta, eta eguraldia lagun, jendetzak egin du Ibaetatik Zubietarako bidea.
Askok, bizikleta izan dute bide lagun, beste asko oinez edo patinetan aritu dira. Bidean, zein hiru gunetan hainbat ekimen antolatu dituzte.
Goizeko 10:00etan abiatu dira parte hartzaileak, ezohiko itxura zuten errepideetan barrena. Batzuek, Saguesetik irten den zutabeak kasu, Ziklobian markatuta zegoen ibilbidea ez ezik, hiriko beste errepideen martxa aldatu dute, kaleak bizikletekin hartuz.
Ibaetan, unibertsitate inguruan, lagun taldeak zein familiak martxa hartu dute Añorgaruntz. Bertan ordea, batukadak, aurpegia margotzeko tailerrak, udaleko bizikleta motordunak probatzeko aukera… ere bazeuden.
Tailerrak, musika, lasteketak
Añorgan, auto eta motordun ibilgailuek sarrera itxita zuten, eta hala, bizi-iraute tailerra, liburuaren txokoa, euskal dantzak, kantujirak… eta abar, leku handia hartuz egin dituzte.
Gainera, ONCEk antolatuta, lasterketa berezia egin dute; hain zuzen Kriskitin lasterketa. Egun batez, hainbat lagunek, ikusmena estali eta jende itsuen lekuan jartzeko aukera izan dute.
Festa handia, helmugan zegoen, ordea. Zubietara goizetik jendea heltzen joan da. Bertan, hamaiketakoa egiteko aukera izan dute, bidearen ostean sari gisa. Dena gainera, Olatu Talkaren barruan hainbat ekimenek lagunduta. Hala nola, musika kontzertua eskaini dute Donostiako Musika eta Dantza Eskolako soinu-joleek.
Bide osoan zehar, erakusketak egon dira ikusgai, eta 16:00ak bitartean bideak zabalik jarraituko du, egun batez, motorrak alde batera utzi eta ekimen berezi hontaz gozatu nahi dutenentzat.

























