Tati Garmendia eta Ana Temprano goizeko aurkezpenean (Argazkia: Bera Bera Eskubaloia)
Ana Tempranoren aurkezpena egin dute gaur goizean, Bera Bera Eskubaloiko atezain berria, hain justu ere. Tati Garmendia kirol arduradunak aurkeztu du Temprano, Bidebietako kiroldegian. Yamiley Rodriguezekin batera Tempranok izango du datorren denboraldian Bera Berako atea zaintzearen ardura.
Tempranok 29 urte ditu, Oviedokoa da (Asturias, Espainia). Zuazo Barakaldorekin osatu du bukatu berri den denboraldia, eta aurretik, Balonmano Xixon taldean lau urte egin zituen ohorezko mailan, Castro Urdialesen bi, eta Ucam Murtzian bat. Pozik agertu da atezaina aurkezpenean, eta Ligako txapeldunaren deia ez dela egunero jasotzen esan du. Edonola, Darly Zoqbi ordezkatzea erronka handia dela onartu du.
“Ligako betiko taldea da, goiko lehian urte asko daramatzana eta super-Itxakok baino ez zuen iaz gainditu”, aipatu du atezainak Bera Beraren inguruan. “Bera Berak ateari eta defentsari garrantzia ematen die, eta horregatik onartu nuen eskaintza. Nire ustez partidak irabazteko gakoak dira, erasoan golak sartu baino garrantzitsuagoa da golak ez jasotzea” aipatu du Tempranok.