Arte Ederren eraikinaren defentsan, 10.000 sinadura aurkeztu dituzte udalean
Eraikina bota eta hotel bat eraikitzea dago aurreikusita; oraingoz, udal talde guztien babesa du proiektuak.
Arte Ederren eraikinaren defentsan 10.000 sinaduratik gora jaso dituzte, eta gaur udaletxean aurkeztu dituzte. Mende hasierako eraikina babesteko egitasmo honetako kideak eraiste aurriskuan dagoen eraikina defendatzeko asmoz bildu dira. “Ezin da ulertu, bere arkitekturagatik ezaguna den Donostia batean, halako eraikin bat botatzeko luxua hartzea. Hau ulerkaitza izango litzateke beste edozein hiritan”, esan du, sinatzaileen ordezkari Montse Fornellsek.
Esan dutenez, ez daude hirian hotelak eraikitzearen aurka, izan ere, hori baita eraikina bota ondoren dagoen proiektua; baina onartzen ez dutena, bertan egitea, edota esan duten moduan bota eta eraikinaren “kopia” bat egitea da. Oraingoz hotelaren proiektuak udal talde guztien babesa du.
Ondarearen defentsan dauden hainbat eragile bildu dira sinadura hauen aurkezpenean. Juan Karlos Izagirre alkatearekin biltzea zuten helburu, baina jakinarazi dutenez, biharko udal batzarra dela eta, ezin izan ditu hartu. Hala, udaleko erregistroan aurkeztu dituzte.
Fornellsek azaldu duenez, eraikina “Kortazar zabalguneko pieza klabe bat da, ordezka ezina dena”. Izan ere, zinematografo zaharrena da Euskal Herrian; “Europan, Lehen Mundu Gerra baino lehenagokoa den gutxietako bat da hau”, azaldu du Fornellsek.
Cortazarren bilobaren babesa
Babesean, eskaera sinatu duten hainbat lagun azaldu dira, horien artean, eraikina diseinatu zuen arkitekto Ramon Cortazarren biloba ere bertan izan da. Hain zuzen ere, Juan Manuel Encio Cortazar da biloba, arkitektoa bera ere.
Azkenik, esan dute eraikinaren defentsan borrokan jarraituko dutela; “borrokan jarraituko dugu, udalak ulertzea nahi dugulako, bere esku dagoela eraikina mantendu edo txikitzea”, amaitu dute.


