Belako taldeak zuzenean jo du goizeko aurkezpenean. (Argazkia: Nagore Koch)
Kutxa Kultur Festibalak eszenatokia errepikatuko du, hau da, Igeldoko jolas parkean egingo dute musika independentearen jaialdia, iaz bezala, irailaren 6an eta 7an. Antolatzaileek egitarauaren berri eman dute gaur goizean, eta honako taldeak zuzenean ariko direla jakinarazi dute: irailaren 6an, Crystal Fighters, Delorean, Junip, Damien Jurado, Belako, Allo Darlin eta William Tyler; irailaren 7an, Dinosaur Jr., Built to Spill, Dover, Crocodiles, Bobby Bare Jr, Audience eta Disco Doom. Kontzertuak egunez izango dira, 00:30 arte, eta iaz jende asko gauerako plan bila geratu zela ikusita, antolatzaileek jaialdiari jarraipena gehitu diote. Hala, Egiako Gazteszenan kontzertuak antolatu dituzte irailaren 6an eta 7an, parrandarekin jarraitu nahi duenarentzat, After Kutxa Kultur Festibala Party izenburupean. Lehen gauean, Grande Days, Buffalo, Codigo Bushido, Jus eta Roulot; eta bigarren gauean, Cohen, UK Bill, Lou Topet, Istrian eta Napoka Iria. Bukowski Dance hall ere egingo dute, bertan Makala eta Budin ariko dira zuzenean.
Taldeen berri emateaz gain, aurtengo jaialdiko kartela ere aurkeztu dute, Loreak Mendianek diseinatutakoa. Bertan, tigre bat, suge bat eta loro bat ageri dira, garai batean parkean egon ziren animaliak gogora ekarriz.