Charles Landry, ikerketa aurkezten, eta Josu Ruiz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Charles Landryk egin du ikerketa eta ezagutza ekonomiaren motor gisa hirian sormenak duen lekua aztertu du.
Donostiako Sustapenak amaiera emango dio, egun hauetan, Esparru Atlantikoa 2007-2013 Programak finantzatutako Know Cities-Ezagutzaren Hiriak Europako Proiektuari. Programa horren barruan, Charles Landry adituak eta haren lantaldeak Hiri Sortzaileen Indize Azterlana egin dute eta, haren arabera, Donostia bigarren postuan gelditu da, %63,57-eko guztizko puntuazioarekin, Ganteren atzetik (%64,41).
Ikerketa honetan, Donostiaz gain, beste hainbat hirik parte hartu dute, hala nola: Perth, Bilbo, Oulu, Letterkenny, Cardiff, Brest, Lorient, Vannes, Gijon, Aviles, Coimbra, Sevilla, Donegal, Gantes edo Dos Hermanas.
Sormenaren arloan aztertutako hamar aldagaietako batzuk esparru publiko eta politikoa, ekintzailetza, ikerkuntza eta berrikuntza, talentuaren garapena eta ikasteko guneak, komunikazioa, konektibitatea eta sareak eta bizi kalitatea izan dira. Azterlana egiteko, Donostiako 121 herritarrek eta 35 ezagutzaren agentek parte hartutako estatistika lan bat hartu dute oinarri.
Jarduera ekintzailean nabarmena
Emaitza globalez gain, Donostian jarduera ekintzailea nabarmendu dute, %57arekin, %47ko batez bestearen gainetik. Sortutako 1480 enpresa berriek Know Citiesen parte hartu duten beste hiriek baino balio absolutu askoz altuagoa suposatzen dute; hala nola, biziraupen tasa lehen hiru urteetan, Donostian sortutako enpresa berrien kasuan, altuagoa da.
Balio altuenek zerikusia dute bizi kalitatearekin, ingurunearen eraikuntzarekin, hiriaren izen onarekin eta hirigintzaren berregokitzearekin. Azterlanak dio, baita ere, hiria harro dagoela duen kokapen geografikoaz. Izan ere, haren baldintza geografikoek, besteak beste, erakargarri egiten dute Donostia, eta haren lehiakortasunaren ezinbesteko osagai dira.