San Telmo Museoaren elizako mihiseak zaharberritzen hasi dira (Argazkia Nagore Koch)
San Telmo Museoko elizan zaharberritze lanen azken faseari ekin diete, Serten Anatomia izenburupean. Zehazki, Josep Maria Sert artista kataluniarrak 1931n elizako hormetan jarritako mihiseak berriztatzea da helburua, egonkortasun fisikoa eta edertasuna berreskuratzeko, eta etorkizunean iraun dezaten. Lanek irauten duten bitartean, herritarrek lanketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute, bisita gidatuen bidez, ekainaren 15etik urria bitartean.
Inazio Zuloaga margolariaren gomendioz, Donostiako Udalak Jose Maria Sert margolariari eskatu zion San Telmo Museoko hormak irudiz betetzea. Sertek 785 metro koadroko gunea margolanez bete zuen, aurretik mihiseetan egindako lanak bertan jarriz. Zehazki, gipuzkoarrak islatu zituen margoetan, euren ohiturak eta lan mundua irudikatuz. Kontua da, urteen poderioz, margolanak galtzen joan direla, eraikinaren hainbat ezaugarriren ondorioz. “Hasieratik kontserbazio arazoak egon dira, Sertek margoak jartzeko erabili zuen teknikagatik”, azaldu du Ana Santo Domingo zaharberritzaileetako batek. Kontua da, mihiseak hormetan itsasiak daudela, eta eraikinaren arazoek eragin egin dietela. Bereziki, hezetasunak eragin die margoei, eta azken bi urteetan hezetasun arazo horiei irtenbidea eman ostean, zuzenean zaharberritzeari ekiteko garaia dela erabaki dute.
Astearteetan, 11:00etan eta 18:00etan egingo dituzte euskarazko bisita gidatuak, eta 12:00etan eta 19:00etan gaztelerazkoak. Larunbatetan, berriz, 18:00etan izango da euskarazko bisita gidatua, eta 19:00etan gaztelerazkoa. Edonola, asteko beste edozein egunetan bisita gidatuak egiteko aukera egongo da, gutxienez 6 laguneko taldeak osatzen badira.