(Argazkia: E. Zabala)
11 Kolore Fest, halaxe izena du Donostiako erdialdea hartu duen aniztasunaren aldeko danbor martxak. EH 11 Kolore taldeak antolatu du jaia, Euskal Herrian aniztasunaren aldeko aldarria egiteko. “Edozein lekutik gatozela ere Euskal Herrian bizi garen guztiak euskaldunak gara”, dio EH 11 Kolorek egindako deiak. Hala, pertsona guztiek eskubide, betebehar eta aukera berak behar dituztela aldarrikatzen dute partaideek. Donostia aukeratu du EH 11 Kolorek bere aldarria zabaltzeko, eta jaia egiteko.
Goizean haurrentzako tailerrak egin dituzte Porrotx pailazoarekin, eta egun osoan zehar 11 pintxo-11 zapore lelopean hainbat herrialdeetako pintxoak dastatzeko aukera izan da Parte Zaharreko hamaika tabernetan. Eguneko ekitaldirik jendetsuena, ordea, arratsaldean iritsi da, Alderdi Ederren. Nabaria zen danbor soinua, giroa eta kolore jaia arratsaldeko lehen orduan, Bulebarrean eta inguruetan, izan ere, ehundaka lagunek bat egin dute festarako deiarekin. Zehazki, 17:30ean, ekitaldi nagusiari hasiera eman diote udaletxeko terrazan. Lehenengo, aurkezleak hartu du hitza, eta esperantza eta aldarrikapenaren alde bildu direla gogorarazi du. Aurkezleak aipatu duenez, gainera, leku anitzetako batukada eta danborrek bat egin dute festarekin; Senegal, Mexiko, Irlanda, Pakistan, Iruñea, Bergara, Galizia, Laudio, Gasteiz, Bilbo, Txile… Pertsona ezagunak ere ikus zitezkeen partaideen artean, Juan Karlos Izagirre alkatea, Martin Garitano ahaldun nagusia, Joseba Alvarez Sortuko kidea eta Kontxita Beitia andereño ohia, besteak beste. Pregoilariek hartu dute hitza, Xabier Mendigurenek eta Samira Goddik, hain zuzen ere. “Mila koloreko ortzadarra hedatu da gaur gure herri zaharraren zeruan, iparretik hegora, ekialdetik mendebaldera. Beso zuri, beltz, hori eta gorriak batu eta itxaropen abestiak abesten ditugu”, aipatu dute pregoian, besteak beste, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Ondoren, txupina bota dute, eta 11 Kolore Festeko abestia jarri dute; hala perku-flashmoba egin dute dantza eta musika batuz. Gero, erdialdeko kaleetan barrena zabaldu dute koloretako kalejira.