(Argazkia: realsociedad.com)
Realzale guztien ametsa egia bihurtu da, datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela lortu baitu talde txuri-urdinak. Ligako azken partidan lortu du bere nahia Realak, Deportivoren aurka 0-1 irabazita, Antoine Griezmannen golari esker. Sevillak Sanchez Pizjuanen Valentziari irabaztea ere behar zuen Realak, eta hala izan da, 4-3ko emaitzarekin bukatu baita.
Realak eta Deportivok, biek zuten asko jokoan Riazorren; eta hiru puntuak beharrezkoak zituzten. Txuri-urdinek Txapeldunen Ligan sartzeko irabazi behar zuten, eta galiziarrek, berriz, Bigarren Mailara ez jaistea zuten helburu. Azkenean, talde donostiarrak lortu du helburua. Realaren lehen gola eta bakarra 21. minutuan iritsi da; Agirretxeren jaurtiketa Aranzubiak geratu du, baina aldaratzea Griezmannek hartu eta sare artean sartu du baloia, zutoinean jo ostean. Hortik aurrera, aukera asko izan dituzte bi taldeek, baina ez da beste golik egon. Griezmannen beste gol bat baliogabetu du epaileak 30. minutuan, jokoz kanpo egoteagatik, eta jarraian, kontraerasoan, sekulako geldiketa egin du Bravok.
Aukeren artean egon da Griezmannek Carlos Velari utzitako baloia, baina horrek langaren gainetik bota du baloia, aukera ederra huts eginez. Hala ere, jokaldi zalantzagarria izan da, jokoz kanpokoa zela zirudielako. Deportivok ere hainbat aukera izan ditu, baina ez du atearen aurrean asmatu. Lehen zatia bukatzean, Reala Txapeldunen Ligako taldea zen jada, izan ere, Deportivori 1-0 irabazten ari zen, eta aldi berean, Sevilla Valentziari, 2-1. Bigarren zatia hasi eta berehala Velak gol aukera paregabea kanpora bota du, eta 60. minutuan Deportivoko Iñigok ia bere atean sartu zuen baloia. Norgehiagoka bukaeran aukera asko izan ditu Deportivok, eta luze egin zaio Realari bukaera, lau minutuko luzapena egitea erabaki baitu epaileak.
Griezmannek eta Oliveirak txartel hori bana jaso dute 88. minutuan, beraien artean egondako ika-mika baten ondorioz.
Mila realzale inguru joan dira A Coruñara norgehiago zuzenean jarraitzera.
Edonola, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril taldeekin batera, Txapeldunen Ligan izango da Reala. Deportivok, berriz, Bigarren Mailan jokatu beharko du.