Ostiralean hasiko da Cristina Enea fundazioak antolatutako Aste Berdea
Cristina Enea fundazioak aurtengo Aste Berdea aurkeztu du. Ostiraletik astelehenera bitartean, hainbat ekimen burutuko dituzte Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta Uliako Interpretazio zentroan.
Asteazkenean, ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, Cristina Enea Fundazioak hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunotan, Aste Berdean bateratuak.
Ekainak 7, ostirala
Zetazeoei buruzko hitzaldia egingo dute Uliako Interpretazio zentroan. Hitzaldia EIBE Euskal Izurde eta balezaleen Elkarteko kide den Enara Markosek eskainiko du eta une hauetan zetazeoei eskainita ikusgai dagoen argazki erakusketaren osagarri izango da.
Ekainak 8, larunbata
Goizean, 12:00etatik 13:30era, haurrentzako tailerra izango da Uliako Interpretazio zentroan. Itsasoko elementuak ezagutu eta ur azpian gordetzen diren hainbat misterioz gozatzeko aukera izango dute, era dibertigarri batean.
Arratsaldeko 17:00etan, Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, ingurumen-kontzertua eskainiko dute. Trintxerpeko Ilunbe musika bandak, kontzertua eskainiko du parkean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ekitaldi honetarako, naturarekin eta ekologiarekin estuki lotuak dauden piezak eta konposizioak aukeratu dira.
Ekainak 9, igandea
Cristina Enea fundazioaren bosgarren Ingurumen-Ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia izango da, 11:00etan. Aurtengo gai nagusia elikadura osasuntsua izan da eta orotara 160 lan aurkeztu dira. Sari-banaketa ekitaldian lau mailatako saridunak iragarriko dira. Horretarako Amaia Garmendia ipuin irabazleak antzeztuko ditu, Mattin ilustratzaileak zuzenean marrazkiak egiten dituen bitartean. Ekitaldia irekia izango da bertaratu nahi duen guztiarentzat.
Ekainak 10, astelehena
Aste Berdeko egitarauarekin amaitzeko, Cristina Enea fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak urtero egin bezala, Donostiako ingurumen egoera aztertzen duen Urteko Iraunkortasunaren Txostena aurkeztuko du. Txostenak 49 adierazleren bitartez uraren kalitatea, airearen kalitatea, kutsadura akustikoa eta bestelako esparruetan Donostiak zein nolako nota ateratzen duen zehazten du. 10:30ean aurkeztuko dute txostena, udaletxean.