Alemanian egingo den kultur topaketa batean parte hartuko dute Donostiako zortzi gaztek
Zortzi gazte donostiarrek Youth Culture 65xxx jaialdian parte hartuko dute, Donostiarekin senidetutako Wiesbaden hiri alemaniarrean izango den kultur arteko jaialdian.
Ekainaren 8tik 16ra arte egongo dira bertan, eta dantza, graffitia, antzerkia, stop motiona, rapa, irrati-weba eta dokumentalak sortzetzeko tailerretan parte hartuko dute. Gainera hainbat herrialdetako gazteak izango dira kultur topaketa honetan, nork bere herrialdeko berezitasunak erakutsiz. Wiesbaden (Alemania), Pessac (Frantzia), Wroclaw (Polonia), Jelgava (Letonia), Florina (Grezia), Toila (Estonia), Ljubljana (Eslovenia) eta Donostiako gazteak bilduko dira. Donostiako ordezkariak zortzi neska izango dira.
Ondo pasa eta jatorri ezberdinetako gazteak ezagutzeaz gain, Donostia ezagutarazteko ardura izango dute hemendik joandako gazteek. Horretarako, euskal kulturaren ezaugarrien aurkezpen bat prestatu dute, International Evening deritzon gauean aurkezteko.


