Jose Luis Merinok 100 euskal artistei egindako elkarrizketak jaso ditu liburu batean
Jose Luis Merino bilbotarrak 100 euskal artistei egindako elkarrizketa laburrak jaso ditu Avance argitaletxearekin argitaratutako Hablan los artistas liburuan. Artea pasio du Merinok eta bere gaurko hizketaldian ere guztiz nabaria izan da, Kubo Kutxan egin duen aurkezpenean. Elkarrizketatutako artista asko gipuzkoarrak dira, eta horien artean, noski, badira donostiarrak: Bonifacio Alfonso (bere lagun mina), Amable Arias, Vicente Ameztoi, Esther Ferrer eta Pedro Txillida, esaterako.
Betidanik egon da Merino artegintzarekin lotua, eta Grises izeneko arte galeriaren arduraduna izan zen Bilbon, besteak beste. Hala, azken 30 urteetan hainbat artista elkarrizketatu izan ditu, eta horietako elkarrizketa batzuk hainbat komunikabideetan argitaratuak izan dira. Azken batean, elkarrizketa gehienak azkenaldian egin dituen arren, ez zuen buruan liburu bat osatzea, eta badira gaur egun hilda dauden artistei egindako elkarrizketak tartean. “Artistarik onena ez da hobekien azaltzen dena, eta artea ez da esaten dutena, artea da dena”, aipatu du Merinok. Horrekin azaldu nahi izan du, badirela liburuan ageri ez diren artista batzuk, azalpenak ematen ez direlako eroso sentitzen. Edonola, Merinoren hitzetan, lehen aldiz bildu dira liburu batean 100 euskal artista, eta harro dago egindako lanaz.


