
Dagoeneko 25 urte bete dira Larrotxene kultur etxea Bideoaldia antolatzen hasi zenetik. Izan ere, ikus-entzunezkoetan berezitua dago Intxaurrondo Zaharreko kultur etxea, eta urtero antolatu ditu materia horren inguruko ikastaroak. Ondoren, ikasleek egindako lanak ezagutarazteko, Bideoaldia egin izan du urtez urte. Hala, urte horietan guztietan, 1.500 ikasle inguru igaro dira Larrotxenetik, eta 381 film labur osatu dituzte.
Edonola, aurtengo Bideoaldia berezia izango da. Izan ere, aurtengo ikasleek osatutako lanez gain, 25 urte horietan egindako film onenak ere eskainiko dituzte, eta Creative Commons eskubideak dituzten filmak ere jasoko dituzte. Hala, 25. Bideoaldia bi zatitan banatuko dute; batetik, ekainaren 11tik 14ra izango da Bideoaldia, 19:00etan egunero, Larrotxenen bertan; eta bestetik, ekainaren 17tik 21era, Creative Commons jaialdia egingo dute, arratsaldero, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Guardetxean. Ekimen guztiak doakoak eta irekiak izango dira.