Larunbatean egingo dute Bizitruk, bizikletak erosi, saldu edo trukatzeko azoka
Larunbatean Bizitruk azoka berezia egingo dute laugarren urtez, Suhiltzaileen egoitza zaharrean, Easo kalean. Bertan bigarren eskuko bizikletak saldu, erosi edo trukatzeko aukera emango dute.
Bizikleta erosi edo saldu nahi dutenek goizeko 8:30etik 10:00etara eraman beharko dute, eta nortasun agiria aukeztu beharko dute. Jabego egiaztapen dokumentu bat sinatuta, lapurtutako bizikleten salerosketa ekidin nahi dute.
Axier Jaka, ingurumen zinegotziak, aurreratu du ekimen honek bi helburu dituela: “batetik, berrerabilpenaren bidez hondakinen murrizketa sustatzea eta, bestetik, mugikortasun jasangarria bultzatzea”. Iaz, bizikleten bataz besteko prezioa 70 eurokoa izan zen, merkeena 10 euro eta garestiena 220 euro.
Donostitruk bigarren eskuko hileko merkatuak eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak sortutako ekimena da Donostitruk-Bizitruk merkatu berezia. Hala, Kalapie elkarteak 3 euro jasoko ditu laguntza modura salgai uzten den bizikleta bakoitzeko.




