Ondarretako harriak kentzen ari dira, soroetan erabiltzen den makina batekin
Ondarretako harriak zeresan ugari ematen ari dira azken aldian. Hondartzen denboraldi berria hasi da eta eguraldi ona lagun, geroz eta jende gehiago hurbiltzen ari da gainera hondartzara.
Baina harriek hondarretan etzan edo ibiltzeko sor ditzaketen trabez gain, harrien jatorrian legoke arazoa. Aranzadik egindako txosten baten arabera, garai bateko eraikuntzen hondakin zatiak lirateke hondartzako harri guztiak. Azti Tecnaliaren arabera, berriz, harri horietako batzuk hondartzako berezko harriak lirateke. Martxoan hiru kamera jarri zituzten Igeldoko dorrean hondar eta harrien mugimenduak jaso eta beren bilakaera aztertzeko. Udala bat dator Aztiren azterketa honekin, eta hondakinen garbiketa bereiztua egitearen alde azaldu da.
Hortaz, hondakin diren hondartzako harriak garbituko dituzte, baina era berean, hondartzaren berezko ezaugarriak errespetatzen saiatuko dira. Landa eremuetako soroetan erabiltzen den makina bat ari da hondartzako harri handiak garbitzen. Ohiko garbiketarako erabiltzen duten makina erabiltzeko harriak handiegiak eta gogorregiak baitira.



