Pako Laskonateguy omenduko dute Herreran, auzoko abesbatzarekin egindako lanagatik
Pako Laskonateguy herreratarrak auzokideen omenaldia jasoko du 70 urtez San Luis Parrokiako koruaren zuzendaritzan egindako lanagatik. Auzoko seme kuttuna da Pako Laskonateguy, maitatua, bai abesbatzarekin egindako lanagatik, eta baita bere izaeragatik ere.
Auzotar talde bat aritu da omenaldia prestatzen, eta lagun artean egingo badute ere ospakizuna, abesbatzaren doinurik ez da faltako.
Bihar, ostirala, udal Txistulari taldeak eta Aita Sierra abesbatzak kontzertua eskainiko dute San Luis elizan, 19:30ean.
Igandean, berriz, Alboradaren doinuek esnatuko dute goizean goizetik auzoa. 12:00etan, meza ospatuko dute San Luis elizan eta bertako korua arituko da kantuan lehengo eta egungo abeslariekin. Ondoren, guztiek batera, bazkaria egingo dute Zubietako Dana Ona jatetxean, 14:00etan.


