350 lanpostu berri sortzeko elkarlanean arituko dira merkatari eta ostalariak
Sustapenak, SShops Donostia, merkatarien elkarteak eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak lankidetza hitzarmena adostu dute, bi alorretan lanpostuak sortu eta kontsumoa sustatzeko kanpainak bideratzeko.
Iazko aurreikuspenak nabarmen bete zirenez aurten helburu handiagoak finkatu dituzte: 350 lan hitzarmen sortu nahi dituzte, hiriaren ekonomia biziberritzeko. Horretarako, Sustapenak 30.000 euro emango dizkio elkarte bakoitzari, hau da, merkataritza eta ostalaritza elkarteari.
Elkarlanerako hitzarmen hau Donostiako Ekonomia Suspertzeko 2013ko Planaren baitako ekimena da. Aurtengo berrikuntza gisa, bi elkarteek kontsumoa bultzatzeko antolatuko dituzten dinamizazio kanpainak azpimarratu dituzte. Aurten gainera, ahalegin berezia egingo dute auzoetako jarduera ekonomikoa sustatzeko.
Hala, SShops Donostiak eta Gipuzkoa Ostalaritzak, informazio saioak egingo dituzte Altza, Intxaurrondo, Egia, Bidebieta, Loiola eta Martuteneko dendetan eta ostalaritza guneetan. Bereziki langabezian dauden pertsonak erakarri nahi dituzte, eta Donostiako Ekonomia Suspertzeko 2013ko Planak enplegua sortzeko bultzatzen dituen programa eta ekimenen berri emango dute.
Sustapenak, ekainaren 17an egingo du planaren berri emateko informazio jardunaldia Gipuzkoa plazako Punto dendan, 19:00etan.
Ostalari eta merkatarien kezkak
Merkataritzak eta ostalaritzak hiriko jarduera ekonomikoaren %20a osatzen dute, gutxi gora-behera, eta barne produktu gordinaren %14a dira. Datu horiek atzera egin dutela adierazi du Josu Ruiz, Garapen ekonomikoko zinegotzi ordezkariak, eta “horrelako ekimenak ezinbestekoak direla hiriko ekonomia suspertzeko”.
Elkarlan hitzarmen hau eskertzen badute ere, ostalari eta merkatariei “bidea errazteko” eskatu dio Mikel Ubarretxena, Gipuzkoako Ostalaritza elkarteko ordezkariak. Bere esanetan, “baimenak emateko orduan azkartatsuna, terrazak jarri edo lokalak egotziko erraztasuna, edo konkurrentzia bidegabearen aurrean neurriak hartzeko eskatzen diogu udalari. Bultza ditzala hiriko taberna, denda eta guneei mesede egiten dien ekimenak, eta ez ‘Marisco Galicia’ bezalakoak, hirian euro bakarra uzten ez dutenak”.