Elkartasun Astea egingo dute Egian
Herrirak antolatuta, Elkartasun Astea egingo dute Egian. Hainbat egunetan banatu dute egitaraua: hilaren 8an, 10ean, 13an, 14an eta 15ean. Bihar larunbatean egingo dituzte lehen ekitaldiak. Pilota partida izango da frontoian (12:00). Jon Eskudero andoaindarra, Iker Urmeneta añorgatarra, Jesus Mari Almandoz lesakarra eta Iñaki Iparragirre leitzarra ariko dira jokoan. Rinu eta Rene pailazoek ere parte hartuko dute biharko eguneko egitarauan (13:00). Ondoren, Plaza Haundin, sagardo dastaketa eta pintxoak izango dira. Eta bazkari herrikoi batekin amaituko dute eguna.
Astelehenean, 19:30ean, solasaldi bat egingo dute Plaza Berrin, Txoko Internazionalistan: Ateramiñe eta sorkuntzaz bi hitz. Ostegunean enkartelada egingo dute Plaza Berritik (20:00) eta ondoren, 20:30ean, poesia eta antzerki emanaldi bat egingo dute Beti Bogan: Eskutitzak. Hurrengo ostiralean, hilaren 14an, giza katea osatuko dute Plaza Berritik Konstituzio plazara. Larunbatean, berriz, Biarritzen Iheslari politikoen eguna egingo dute. Kata tabernan eman daiteke izena. Ekitaldia, bazkari herrikoia eta kontzertuak izango dira.
Atzo Harriet Agirre preso egiatarra espainiaratu zuen Frantziak. Orain Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko du. Oihana Agirre (Brieva, Avila), Karlos Trenor (A Lama, Pontevedra), Jon Salaberria (Fleury Merogis, Frantzia), J.M. Dorronsoro (Puerto III, Puerto Santa Maria), Ainhoa Mujika (Albolote, Granada), Armando Legaz (Albolote, Granada) eta Jon Olarra (Albolote, Granada) egiatarrak ere preso daude.
