Realeko presidente Jokin Aperribai. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Harrobiak emaitza bikainak ekarri dizkio Realari, eta, hain zuzen ere, harrobiko haritik egingo du tira talde txuri-urdinak entrenatzaile postua betetzeko. Realeko presidente Jokin Aperribaik prentsaurrekora deitu ditu komunikabideak 16:30erako, baina minutu batzuk lehenago zenbait komunikabidek albistea filtratu dute: Jagoba Arrasate izango da Realeko entrenatzaile berria. Philippe Montanierren lekua betetzera dator, eta etxeko gizona da. Izan ere, harrobiko taldeak zuzendu ditu, arrakastarekin gainera. 34 urte besterik ez ditu, eta harribitxi bat omen da entrenatzaile lanetan. Realak esku artean zituen lehen aukerek huts egin eta gero, uste baino lehenago izango da Jagoba Arrasate lehen taldeko entrenatzailea. Aurten, Philippe Montanier beraren laguntzaile lanetan ibili da, eta bere ekarpenak oso estimatuak izan direla diote Zubietan.
Aperribaik azaldu duenaren arabera, Montanierrek jarraitzeko eskaintza baztertu zuenean bi izen izan zituzten buruan: Martino eta Arrasate. Argentinarraren ezetza eta gero, etxeko entrenatzailearen aldeko hautua egin zutela nabarmendu du presidenteak. “Arrasate pertsona egokiena da duela bi urte abiatutako ildo estrategikoarekin jarraitzeko”, azaldu du Aperribaik. Dagoeneko datorren denboraldiari begira daudela adierazi du. “Zalantzarik gabe eta taldean dugunaren ezagutza handiarekin hasiko dugu denboraldia”, esan du, eta horretan entrenatzaileak taldearen ezaugarri guztien ezagutza izatea oso garrantzitsua dela esplikatu du.
Jokalariei harrera egingo diete udalak eta zaleek 18:30ean, udaletxeko balkoitik. Ordurako, guztiek albistearen berri izango dute. Entrenatzaile berria bihar aurkeztuko dute, 12:00etan.