Surfilm Festibalak girotuko du asteburua
Eguraldi txarra dela-eta, bihar Santa Klara irlan egin behar zuten picnica bertan behera utzi behar izan dute.
Euri zaparrada eta haize ufadei aurrei egiteko plana dakar Surfilm Festibalak. Antzoki Zaharra, Gazteszena eta Bukowski izango dituzte babesleku gisa zine eta musika zale guztiek. Santa Klara irlan picnica egiteko asmoa zuten bihar, baina ekitaldia bertan behera utzi behar izan dute eguraldi iragarpena ikusi ondoren. Beste asteburu baterako utziko dute.
Gaur eta igandea bitartean zinema egitarau zabala eskainiko du jaialdiak Antzoki Zaharrean. Gaur egin duten agerraldian larunbat gauean Calentamiento local (22:30) saioan proiektatuko dituzten filmetako batzuk aurkeztu dituzte. Axi Muniain surflariak Portugalen bizitako abentura jaso du El gran Lunes filmean. Neguan itsasaldi indartsua izan zen Nazaret aldean, eta bertara joan zen Muniain. “Une oso bereziak izan ziren, eta horiek guztiak islatu ditugu lan honetan. Sabeleko korapilo horiek, familiarekin partekatutako uneak… Itsasaldi haren irudiak oso ezagunak egin ziren, olatu ikusgarriak ekarri baitzituen.
Emanaldi berean estreinatuko dute Cyrus Sutton estatubatuarrak Euskal Herrian filmatutako Homeland lana. Euskaraz egindako filma da, Etxepare Institutua eta Surfilm festibalaren arteko elkarlanari esker egindakoa. Euskal Herriko surfak munduarekin duen harreman sendoa probestu dute, eta haren bidez euskal hizkuntza hainbat herrialdetara zabaldu nahi dute.
Irailean, zinema gehiago
Surfilm Festibalak, SADErekin elkarlanean, surfaren inguruko film gehiago ekarriko ditu irailean. September Sessions izeneko programa prestatu dute. Trueba zinema aretoan egingo dituzte zinema emanaldi hauek.Lehen saioetako programazioa aurreratu dute gaur, baina azken titulua iraila arte gordeko dute. Hain zuzen, Donostiako Zinemaldia hasi baino astebete lehenago emango dute. Zinemaldian ere, munduko action sports film onenetako batzuk ikusteko aukera izango dugu Savage Cinema sailean.
Abuztuaren 29an Justin LePeraren Isolated filma izango da ikusgai. Munduko azken olatu birjinen bila Ginea Berria uhartera abiarazten da surflari eta abenturazale talde bat. Euren abentura erabat aldatu eta zerbait errealago bihurtu egiten da tribu batekin topo egin eta meategi baten ustiapen ez etikoak bertan eragiten dituen ondorioez ohartzean.
Irailaren 12an, 22:00etan, Hungariako surfa izango da protagonista. Szörffilm filma Europa ekialdeko hiru gazteren istorioa da. Umore handiarekin dokumentalak beraien abenturak kontatzen ditu: olatu perfektuen bila dabiltza; bai Budapesten, olatuak dituzten igerilekuetan, bai Irlanda edo Indonesiako kostaldean.
Norvegiatik iritsiko da Nordfor Sola / North of the Sun filma. Negu gorriko bederatzi hilabete igarotzen dituzte Ige eta Jørn Norvegiar ipar kostako uharte batean dagoen badia urrun batean. Hondakinen artean aurkitutako materialekin egindako etxola batean bizi dira iraungipen-dataz kanpoko janariez elikatuz. Aldiz, bi gauza garrantzitsu ekarri dituzte: euren taulak. Badiak egundoko sekretua ezkutatzen du: munduko olaturik hoberenak. Irailaren 19an emango dute ustekabeko filma.