Txapeldunen Ligaren tamainako zaleak ditu Realak
Euriak ere egin dio ohore Realari udalak, Alderdi Ederren, prestatutako harreran, talde donostiarrak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketarako txartela eskuratu duelako. Autobusetik jaitsi ondoren, jokalariak zalez betetako korridore batetik igaro dira udaletxeko ataritik sartu aurretik. Behin eraikinaren barruan, txistularien doinuek lagunduta, eskaileretatik igo eta lehen solairuko harrera aretoa hartu dute. Komunikabideak bertan zeuden, heroien zain, baita udal taldeetako ordezkariak ere.
Kanpoan, eguraldi txarrari aurre eginez, zaleak ziren, udaletxeko balkoira begira. Eromena piztu da jokalariak bertatik agurtu dutenean. Goazen Erreala, goazen txapeldun izan da lelorik oihukatuena. Txapeldunen Ligako zaleak direla frogatu dute jarraitzaileek, euriak euri, jokalari txuri-urdinak agurtzeko aukera ez baitute galdu.