Udalaren organigrama behar berrietara egokituko dute
Legealdi honetan udal gobernu berriak lan ildoak aldatu eto egitasmo batzuei bultzada handiagoa eman die. Horrek behar berriak sortu ditu, eta hala, organigrama behar horietara egokitu dute, lanpostu eta lan hitzarmen batzuk aldatuz.
Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza, Berdintasuna eta Giza eskubideen arloa, Hezkuntza eta Gizarte Sustapena izango da aurrerantzean. Hona hemen aldaketak atalez atal:
Kultur Aniztasunaren bulegoa
Hiriko kultur aniztasuna eta aniztasun horren ondorio den elkarbizitza egoki kudeatzeko Kultur Aniztasunaren atala aurkeztu berri dute. Honekin lotuta, Kultur Aniztasunaren bulegoa sortuko dute, Berdintasuna, Lankidetza, Giza Eskubide eta Kultur Aniztasunaren atalaren menpe egongo dena.
Lau bulegoetako hiruk Aiete jauregian izango dute egoitza. Hala, jauregi hori erreferentziazko gunea izango da giza eskubideen inguruan informazioa eskuratzeko, ikasteko, ideiak trukatzeko, hausnartu eta eztabaidatzeko, prestakuntza jasotzeko, ikertzeko eta esperimentatzeko.
Lau bulego horiek funtzionamendu autonomoa izango dute, beren berezitasun eta eginkizunekin, baina zeharkako dimentsio bat ere izango dute. Hala, udal gobernuaren arabera, “botere publikoen jarduna arautu eta bideratuko dute, eta zabaldu beharreko eduki eta mezuak printzipio komun batzuekin sendotzen lagunduko dute”.
Berdintasun bulegoa
Aurten Berdintasun arloa bigarren plana aztertzen ari da, eta hirugarrena, 2014an indarrean jarriko dutena sortzen. Lan hori egiteko, 2011ko apirilean erdi mailako teknikari-berdintasun agente bat kontratatu zen, programa jakin bat betetzeko. Aurretik, kanpoko enpresa bat kontratatzen zen eginkizun horretarako.
Udalaren arabera, “berdintasun plana izaki eta, legearen arabera, plan horiek nahitaez sortu eta bete behar direnez, ez du zentzurik kontratazioa programa bat betetzeko bakarrik egiteak, beraz, lanpostu finko bat sortuko da berdintasun sailean”.
Aterpetxeen bulegoa
2009an deuseztatu zen Aterpetxeen udal patronatua eta bertako langile eta ekipamenduak udalari atxiki zitzaizkion, Gazteriaren eta Aterpetxeen Atalari hain zuzen ere.
2009ko udan, Uliako aterpetxea berriro ireki zen eta harrezkeroztik, Uliako harrera zerbitzua Harreragile Laguntzaileen lan poltsako izangaiek edo Sureuskadi zerbitzu enpresako langileek bete dute, behin-behingoz.
Epea iraganda, eta behin-behineko luzapena gehiago ez egiteko, oraindik organigraman ageri diren Ondarretako bi garbitzaile postuak Uliako Harreragile laguntzaile postu bihurtzea adostu du udalak.
Hezkuntza Saila
Atal honetan erdi mailako teknikari postu bat gehiago sortzea onartu du udalak. Hala, partzuergoko bederatzi haur eskolak eta Zuloagako udal haur eskola kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzeaz eta haien jarraipena egiteaz arduratuko da teknikari berria.
Hezkuntza eta Gizarte Sustapenaren atala
Atal honen izena aldatzea adostu da, eta aurrerantzean Hezkuntza eta Gizarte sustapenaren arloa izango da.
Udal gobernuaren arabera, “gizarte sustapena hezkuntza prozesu bat da, pertsonekin eta pertsonentzat egiten dena, bai eta kolektiboekin eta kolektiboentzat ere, eta komunitatea aldatzeko eta gizartea, parte hartzea, artea eta kultura garatzeko helburua du. Azken finean, hirian bizi diren eta, hortaz, elkarrekin bizi diren pertsonen arteko aukera berdintasuna bermatu nahi du, elkartasuna eta elkarlana bultzatu eta gizarte ehuna eta parte hartze aktibo eta konprometitua indartu. Hori guztia, batez ere, gazteen artean eta balioetan hezteko proiektu baten bidez, hiri hezitzailearen esparruan”.