Nagore Claramunt eta Amaia Carrera. (Argazkia: N. Lizarralde)
Nagore Claramuntek eta Amaia Carrerak prestatu dute paella goxoena; 30 bikotek parte hartu dute lehiaketan.
Euripean ospatzen ari dira jaiak larratxotarrak, baina eguraldi txarrak ez die kendu festaz gozatzeko gogoa. Ez dira etxean geratu, ez. Gaur jende andana bildu da eguerdian egin duten paella lehiaketan. Txirrita Bertsolariaren pasealekuan elkartu dira lehiaketan parte hartu duten auzotarrak. Guztira 30 bikotek parte hartu dute. Eguerdian hasi dira paellak prestatzen eta 14:00etarako bukatu behar izan dituzte, ordu horretan hasi baita epaimahaia paellak dastatzen. Epaimahaikide gisa izan da Juan Mari Arzak sukaldaria, eta ikusmin handia piztu du. Auzotar askok ez dute berarekin argazki bat egiteko aukera galdu.
Oilaskodunak, itsaskidunak, barazkidunak… Mota guztietako paellak egin dituzte auzotarrek. Eta horiek aurkezteko erak ere orijinalak izan dira. Bikote batek, esaterako, piper gorriekin bihotz bat osatu du arrozaren gainean.
Epaimahaiak sei finalista aukeratu ditu, eta bukaera arte zalantzak izan dituzten arren, azkenean Nagore Claramunt eta Amaia Carrera gazteek egindako paella izan da irabazlea.