"Taldeak aurten egin duen lan guztia berrestea gustatuko litzaidake"
“Gizon lasai bat, eta Realak emaitza onak lortzeko topera lan egingo duen pertsona bat”. Horrela aurkeztu du bere burua Jagoba Arrasatek, 35 urteko berriatuarrak. Realeko entrenatzaile izateaz harro agertu da, eta klubari eskerrak eman dizkio aukera hau emateagatik. Lehen mailara iritsi baino lehen Gipuzkoako futbolean egindako bidea ere gogoan izan du aurkezpenean: “Haiek gabe ez nintzateke hemen egongo”.
Zalantzarik ez zuen izan postua eskaini ziotenean: “Irribarre bat piztu zitzaidan, eta hortik aurrera ba gauzak pentsatzen hasi nintzen. Erronka polit bat da bat da; baita ardura eta erantzukizun handi bat ere”. Halere, kargua naturaltasunez hartu duela aitortu du: “Ez nago urduri. Poza eta ardura sentitu nuen berria eman zidatenean, eta gogoa gauzak egiten hasteko”.
Urtebetean Montanierren eta Michel Troin bigarren entrenatzailearen ondoan aritu da lanean Arrasate. Zaleek izan ditzaketen zalantzen inguruko galderari segurtasun handiarekin erantzun dio: “Ulertzen det batzuek pentsatzea esperientzia falta dudala, baina nik konfiantza osoa dut neure buruarengan. Konfiantza daukat gauzak ondo aterako direla. Gauza asko ezin da bermatu orain baina… Lan egingo dugu, ilusioa dugu eta dena emango dugu”.
Orain arte Realak egin duen bidea jarraituko duela adierazi du Arrasatek: “Hurrengo denboraldiko taldeak aurtengoaren antza izatea nahiko nuke. Aurten egin duen lan guztia berrestea gustatuko litzaidake”.