Zabor gutxien sortzen duen herritik zabor gehien sortzen duen tokiraino bidea egin du Mundumob ekimenak
http://youtu.be/LjU1AItacDc
Gipuzkoa Zero Zabor Elkarteak maiatzaren 4an jarri zuen abian Mundumob ekimena. Orendainen hasi zuen bidea, Gipuzkoako lehen “zero zabor herrian”. Gipuzkoan zehar ibili da Eman hartu nahi duzun mundua leloa zabaltzen, eta 30 herri baino gehiago zeharkatu ondoren, Donostiara iritsi zen atzo. Hain zuzen, “zabor gutxien sortzen duen herritik zabor gehien sortzen duen tokiraino bidea” egin du Mundumob ekimenak.
Euri zaparradak ez zituen Gipuzkoa Zero Zabor Elkartearen ekimena zapuztu. Jende andana elkartu zen Bulebarrean. Eguraldiak, ordea, hasierako plana aldatzera behartu zituen. Bulebarreko errepidea hartzeko asmoa zuten, baina kioskoaren ondoan egin behar izan zuten ekitaldia. Hain zuzen, Mundumob ekimenaren koreografia dantzatu zuten hainbat herritarrek. Euripean dantzatu zuten Mikel Erguinen zuzendutako koreografia. Ze Esatek! taldeko Jabi Rodilek abestu zuen kanta zuzenean.
Joan Marc Simon Europako Zero Zaborreko arduradunak ere parte hartu zuen ekitaldian. Zero Zabor mugimendu globalaren ordezkari gisa hitz egin zuen. Zero Zabor mugimendua sustatu eta zabaldu behar dela adierazi zuen. Hemen eta mundu osoan Usurbil eta Hernaniko ereduak zabaltzeko beharra azaldu zuen: “Eredugarria da hemen egin dutena. Bruselan, Nazio Batuetan eta New Yorken azaldu dut haien esperientzia, eredugarriak dira . Aldaketa global bat lortzeko herri mailan egiten ari diren lana izugarria da”.
[Gallery=51]