Gerardo Lertxundi, Dbuseko kudeatzailea, makina berria erakusten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urritasunak dituzten pertsonek eta haurren aulkiekin doazenek erabiltzen dute hiriko autobusetako erdiko atea. Hemendik aurrera ez dute gidariarenganaino joan beharrik izango beren txartela ordaintzeko. Izan ere, Dbusek txartelak baliozkotzeko makinak jarriko ditu erdiko ateetan ere. Hala, garraio publikoa erabiltzeko erraztasuna emango zaie behar bereziak dituzten erabiltzaile hauei, beren autonomia handituz.
Gaur egin dute makina berrien aurkezpena Alderdi Ederren. Izan ere, hasi dira dagoeneko sistema berria ezartzen eta pixkanaka pixkanaka, udan zehar Dbusen 120 autobusak egokituko dituzte.
Ordaintzeko makinak jarriko dituzte erdiko atean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aurreko makina ezkerraldean jarriko dute. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Erdiko atean makina jartzeaz gain, aurreko makinak ere aldatuko dituzte. Orain arte, gidariaren ondoan zeuden bi makinak. Horietako bat, atetik sartu eta ezkerraldean kokatuko dute. Hala, “bi pertsonek aldi berean ordaindu ahal izango dute txartelarekin, eta zenbait egunetan autobusean sartzeko sortzen diren pilaketak ekidingo dira”, argitu du Gerardo Lertxundi, Dbuseko kudeatzaileak.
Gurpildun aulkiak eta haurren aulkiak
Bidai txartela baliozkotzeko makina berriak autobusaren erdialdean kokatuko dituzte, gurpildun aukietarako eta haurren aulkietarako egokitutako guneetan.
Erdiko atea mota hauetako bi erabiltzaileentzako da. Mugikortasun urritasunak dituzten pertsonek dagoeneko badute bidai txartel berezi bat, baina orain arte, norbaiti laguntza eskatu behar izaten zien txartela baliozkotzeko.
Haurren kasuan, martxotik aurrera bost urte bitarteko haurrek ez dute bidaiarik ordaintzen, baina papertxoa atera behar izaten da bidaia asegurua egiteko. Hemendik aurrera, erdiko guneko makina erabiltzen dutenek ez dute papertxo hori atera beharrik izango, makinak berak ordainketa birtual bat egingo baitu. Hau da, urritasunak dituzten pertsonek txartel berezia daukatenez, makinak haurren aulkiarekin doan erabiltzailea identifikatzen du, erdiko atetik sartzen den erabiltzaile gisa, eta bi bidai markatzen ditu, bat doakoa bada ere, haurrari dagokiona, alegia.
Bidai txartelak baliozkotzeko makina berria jartzea SITE proiektuan (Smart Traveling in Atlantic) sartutako ekimena da, autobusen irisgarritasuna erraztea helburu duena. Proiektu honek milloi bat euroko dirulaguntza jasoa du aldaketa hauek guztiak eta beste hainbat burutzeko.