LOMCE legearen aurkako sinadurak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan
Hezkuntzan ezarri nahi duten LOMCE legearen aurka egiteko, Gipuzkoako hainbat eskoletako irakasleek bat egin dute gaur arratsaldean. Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen delegaritzan elkartu dira, horietako askok Murrizketa gutxiago, Hezkuntza gehiago zioten elastikoak soinean zituztela. Delegaritzara sartu eta LOMCE legearen aurkako 5.000 sinadura eta beste 5.000 atxikimendu aurkeztu dituzte.
Edu Zabala eta Aitor Otaño irakasleekin hitz egiteko aukera izan du Irutxuloko Hitzak. “Hilabeteetako borrokari nolabaiteko bukaera eman nahi diogu. Jarraipena eman nahi diogu, baina pauso bat egin nahi genuen lortutako sinadurak, atxikimenduak eta udaletan egindako mozioak aurkeztuz”, azaldu du Otañok. Azken batean, hezkuntza erreformari ezetz esan nahi diote ahalik eta era ozenenean. “Teorian esaten dute lanean ari direla honi aurre egiteko, baina bateratzea nola egin pentsatzen ari direla uste dugu”, aipatu du Zabalak Jaurlaritzaren jarreraren inguruan.
Protestarekin jarraituz, larunbatean txirrinda, patin zein oinezko martxa egingo dute, 11:30ean, Loiolako Ur-Kirolaken egoitza paretik abiatuta.