Marrazkien bidez islatu dute bide segurtasuna gaztetxoek
Asko dira Udaltzaingoak bide segurtasunaren inguruan antolatzen dituen ekimenak. Horietako bat, ikasleen artean egiten duten marrazki lehiaketa eta erakusketa. Gaur erakutsi dute ekimen honen emaitza, eta udaletxeko batzar aretoan izan dira lehiaketako hamasei sarituak beren senitarteko eta ikaskideekin batera.
Aurten, 45 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako bost mila haur baino gehiagok parte hartu dute Udaltzaingoak bide segurtasunaren baloreak sustatzeko antolatutako erakusketan. Lau arlo zehazten dira eta maila bakoitzak bat lantzen du. Aurtengoan, “Goazen oinez” (3.maila), “Badakit joaten” (4.maila), “Goazen bizikletaz” (5.maila) eta “Eskarmentua” (6.maila) eremuak landu dituzte ikasleek. Arlo bakoitzeko lau marrazki hoberenak aukeratu dituzte, beraz, hamasei ikasle izan dira saritutakoak.
–Goazen Oinez, gaiari dagokionez, Intxaurrondo ikastolako Irene Lecube izan da irabazlea.
–Goazen bizikletan eremuan, Mary Ward ikastetxeko Jimena Cobok lortu du lehen saria.
-Eta, Eskarmentua atalari dagokionean, Jakintza ikastetxeko Iratxe Zuñigaren marrazkia izan da hoberena.
–Badakit joaten gaia landu dutenen artean, Santo Tomas lizeoko Uxue Elgarresta. Neska honek gainera, sari berezia jaso du, azken lau urte hauetan bere marrazkiak onenen artean egon direlako.
Udaltzaingoaren xedeetako bat bizikleta sustatzea denez, txirrinda, kaskoa eta argiak izan dira lau marrazki hoberenen egileek jaso duten saria. Eta gainerakoek argiak eta kaskoa.
Gainera, ikasleek hautatutako 132 margolanekin erakusketa bat egin dute Okendo kultur etxean, bisitaldi gidatuekin. Mila bisitaritik gora izan ditu erakusketak, eta ikusgai zeuden margolanen artean, umeek aukeratutakoak datorren urteko egutegian agertuko dira. Hortaz, Donostiako ikasgela gehienetan ikusi ahal izango dira ikasturte osoan. Bozketa horretatik atera dira saritutako 16 lanak ere; horietatik, lau, Internet bidez, hau da, Udal webgunean egindako bozketaren bitartez hautatu dira.