Fernando Diez: "Txapeldunen Liga ez da arrisku bat, aukera bat da"
Zalantza egin du Bera Bera Eskubaloiak azken unera arte ea datorren urtean Txapeldunen Ligan parte hartu edo ez. Parte ez hartzeko arrazoi nagusia egoera ekonomikoa zen, baina azken egunotako mugimenduen ostean, Europako lehia gorenean lehiatzea erabaki du klubak. Guztiaren berri zehatza emateko, prentsaurrekoa eman dute Fernando Diez Bera Berako presidenteak eta Tati Garmendia Bera Bera Eskubaloiko arduradunak, Anoetako kirol etxean, gaur goizean. “Dakizuen moduan, asteartean bukatu zen Txapeldunen Ligan izena emateko epea, eta azkenean bertan egotea erabaki dugu. Txapeldunen Liga ez da arrisku bat, aukera bat da”, adierazi du Diezek. Aurreko astean mezu ezkorra helarazi zuten klubeko bi arduradunek, eta Bera Berak ABF Ligako txapelduna izan ostean Txapeldunen Liga jokatzeko eskubidea irabazia bazuen ere, oso zailtzat jotzen zuten helburua. Asko pentsatu ondoren, ordea, aurrera egingo dute.
Garmendiak lehengo astean esandakoa baieztatu du. Hau da, jokalariek hainbat murrizketa jasan dituztela, baina aldi berean, Txapeldunen Liga jokatzeko irrikitan daudela eta ongi merezia dutela eskubide hori adierazi du.
Azken batean, lehengo astetik hona bi kontu aldatu dira. Batetik, Eusko Jaurlaritzak klubari esan dio kantxa aldaketaren gastuak bere kontu joango direla. Izan ere, Txapeldunen Liga jokatzeko eskubaloi pistaren marrak bakarrik dituen kantxa berezia beharko dute, eta horretarako, Anoetako Gaska kiroldegiko pista egokitu behar dute, Europako gainontzeko lehiak jokatzeko egin izan duten moduan. Bestetik, Txapeldunen Ligan parte hartzeko ere beharrezkoa zuen klubak bere partidak telebistaz emango zituztela ziurtatzea, eta hala izango da, Euskal Telebistarekin akordioa lortu baitu.
Gauzak honela, urriaren 5ean eta 6an Donostian jasoko du Bera Berak Europako talde handiren bat. Aurkaria oraindik ez dakite zehazki zein izango den, zozketa egiteko baitago. Edonola, Garmendiak argi eta garbi onartu du erronka zaila izango dela multzokako fasea gainditzea, baina hirian goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera paregabea izango dela ziurtatu du. Partida horietarako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute.
Taldeak oraindik babesle nagusirik gabe jarraitzen du, eta hori hala izanik, onena enpresa txiki askok 1.000 euroko laguntzak jartzea izan daitekeela pentsatu dute. “Oraindik ez dauzkagu Txapeldunen Ligan berme gisa jarri beharreko 10.000 euro horiek. Beraz, ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira”, aipatu du Diezek.


