Zubietako errauste plantaren egitasmoa behin betiko bazter dezatela eskatu dute kalean
Errausketaren aurka manifestazio jendetsua egin dute larunbata arratsaldean, Bulebarretik abiatuta. Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak deitu du protestara, Birziklatzeari bai. Errausketarik ez; ez hemen, ez inon; ez orain, ez inoiz. Zubietako errauste planta bertan behera utzi behin betiko leloarekin.
Manifestazioaren deialdiarekin hainbat sindikatuk eta alderdi politikok egin dute bat. Hain zuzen ere, Donostiako udal gobernua ordezkatua egon da martxan, Juan Karlos Izagirre alkatearen eta Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsororen eskutik. Eguzki bezalako eragileek ez dute hutsik egin; talde ekologistak bere pankarta eraman du, errausgailurik ez leloarekin.
Manifestazioak herritarren aldarrikapenak eta kezkak agerian uzteko balio izan du. Errausketaren aurkako taldeen ordezkariek adierazitakoaren arabera, dagoeneko ez da nahikoa Zubietako errauste plantaren egitasmoa behin behinean etenda egotea; behin betiko izan dadila nahi dute. “Aurreko legegintzaldian egindakoagatik zenbait gauza geratu dira zintzilik, errauste plantari dagokionez, eta horrek arazoak ekarri dizkio egungo aldundiari. Bada garaia, ordea, Zubietako errauste plantaren egitasmoa bertan behera uzteko behin betiko, eta dagoen alternatiba abian jartzeko”, aldarrikatu dute. Era berean, Gipuzkoa “zero zabor” lurraldea izateko birziklatzea dela bidea berretsi dute.