Illunbe. (Argazkia: N. Koch)
Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak Illunbeko akustika arazoen gaia jarri du aztergai. “Ezin dugu ahaztu zezen plaza bat dela, eta ez auditorium bat. Hala ere, Bilduk zezenketak debekatuz, berezkoa ez duen erabilera bat eman nahi dio, horretarako baldintza egokiak betetzen ez badira ere, baina ezer gutxi egiten du baldintza horiek hobetzeko”, adierazi du Garmendiak.
Kontzertuetarako Illunbek dituen akustika arazoen azterketa bat egin zen iaz. Txosten horren arabera, aretoan panel batzuk jarrita kontzertuetan sortzen den oihartzuna gutxituko litzateke. Garmendiaren esanetan, ordea, “udal gobernuak neurri eskasago bat aukeratu du, panelen ordez oihalak jarriko baitituzte akustika hobetzeko. Hogeita lau metro luze eta hiru metro zabaleko 44 errezel edo gortina jarriko dituzte, baina oihal batzuk jarrita ez dira Illunbeko akustika arazoak konponduko”.
PSE-EE alderdiko kideek hurrengo udalbatzarrera eramango dute gaia irtenbide bat eskatuz. Izan ere, euren esanetan, “Illunben gero eta kontzertu gutxiago egiten dira, aretoa ez dagoelako baldintza egokietan, eta horrek Donostiari kalte egiten dio”.