Polloeko hilerria. (Argazkia: K. Miner)
PSE-EE alderdiak hileta zibiletarako areto publikoak egokitzea proposatuko du hurrengo udalbatzarrean. Kultur etxeak, udaletxeko batzar aretoa bera edo beste areto publikoak egokiak izan daitezkeela uste dute horretara.
Marisol Garmendia, PSE-EEko zinegotziaren arabera, “Donostia eredugarria da ezkontza zibilak ospatzen, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak tartean, baina hiria oraindik ez dago egokitua hileta zibilak egiteko. Gero eta gehiago dira ospakizun zibilak, baina heriotza iristen denean, elizkizunen bidez egiten da azken agurra”.
Azken agurrak era zibilean egiteko espazioak egokitzea “beharrezkoa” dela uste du Garmendiak, gaur egun, beilategiek bakarrik eskaintzen baitute aukera hori. Gasteiz, Azpeitia, Zarautz edo Eibarko kasuak aipatu ditu Garmendiak, bertan udaletxe eta areto publikoetan egiten baitira hileta zibilak.
Fededunak izan edo ez izan, senide edo lagunak bakoitzaren izaera eta beharren arabera agurtzeko udal zerbitzuak eskura jartzeko eskatuko du beraz, PSE-EEk.