Adineko pertsonen kezka eta ideiak bilduz hiri lagunkoiago bat eraikiko dute
Munduko Osasun Erakundeak adineko pertsonen ongizatea eta zahartze aktiboa bermatzeko inguru lagunkoi bat lantzea oinarrizko neurria dela erabakia du. Ideia hori hirietara zabaltzeko, Europako hiri lagunkoien sarea sortu dute, Donostia tartean.
2009an jarri zuten abian hiri lagunkoiagoa eraikitzeko ekimena, baina urte batzuz geldirik egon da, eta orain indarberriturik ekin diote berriro lanari. Hala, Donostia Lagunkoia Hiri Plana egiteko prozesua abian jarri dute, Gizarte Ongizate eta Partaidetza departamentuek eta Estrategia bulegoak koordinatutako egitasmoa delarik.
Hiriko adineko pertsonen kezka eta ideiak biltzeko lan taldeak sortu dituzte. Juan Karlos Izagirre alkatearen arabera “helduen esperientzia eta jakinduria aprobetxatu behar ditugu denon artean Donostia aberatsago bat eraikitzeko; hiritar guztien ongizatea helburu duen hiri aberatsagoa eraikitzeko”.
Hogeita hamar bat pertsona aritu dira, adinekoen ikuspegitik hiriko bizimodua aztertu eta beren beharrak, ideiak, kezkak edo proposamenak zerrendatzen. Hausnarketa hauek, jendarte osora zabaldu nahi dituzte, eta ostegunean, ekainak 20, ekimen berezia egingo dute Bulebarrean.
Taldekako hausnarketa, ekainaren 20an
Hausnarketa eta eztabaidetan parte hartu duten adineko pertsonez gain, udal ordezkariak eta udal teknikariak ere mahai beraren bueltan eseriko dira eta denen artean landuko dituzte gaiak. Guztira ehundik gora pertsona bilduko dira.
Zortzi eremutan egin dituzte hausnarketak:
1. Hirigintza lagunkoia: atari zabaleko espazioak, plazak eta kaleak.
2. Garraioa eta mugikortasuna.
3. Eraikinak, ekipamenduak eta etxebizitzak.
4. Sareak eta gizarte laguntza.
5. Zahartze aktiboa: partaidetza, lana eta ikaskuntza.
6. Errespetua, onarpena eta gizarteratzea.
7. Informazioa eta komunikazioa.
8. Gizarte eta osasun zerbitzuak.
Bi karpa jarriko dituzte Bulebarrean ekimena burutzeko. Karpa handienean hausnarketa prozesuan parte hartu duten hogeita hamar pertsonak, udal ordezkari eta teknikariak eta beste hainbat gonbidatu bilduko dira. Goizeko 9:00etatik 14:00etara egongo dira bertan, adineko pertsonen ekarpenak biltzen.
Karpa txikian, berriz, aurretiko hausnarketa saioen laburpen gisa prestatu duten bideo bat jarriko dute ikusgai. Gainera, edonork izango du karpa txikira gerturatu eta bere ekarpenak egiteko aukera.
Izagirre alkatea eta Tere Barrenetxe, Gizarte Ongizateko zuzendariaz gain, Antton Elosegi Housekide ekimeneko sustatzailea, Juan Aguesse Erdialde, erretiratu eta pentsiodunen elkarteko lehendakaria, eta Lurdes Badiola, Plus 55 programako erabiltzailea izan dira osteguneko ekimenaren aurkezpenean. Badiola asko eskertu du adineko pertsonei hitza eman izana. “Sarritan baztertuak sentitzen gara, baina hirigintzan denok elkarrekin aritu behar dugula uste dugu, zaharrok ere asko baitaukagu esateko, egiteko, eta ikasteko ere bai”.


