Gipuzkoako erromantizismoaren aitzindarien lanak bildu dituzte Kutxa Boulevard aretoan
1800etik 1850era bitartean jaiotako artisten belaunaldia ezagutzera eman nahi dute.
Gipuzkoar erromantizismoan aitzindari izan ziren margolarien lana berreskuratu dute Kutxa Boulevard aretoan. Zazpi margolariren lanak daude ikusgai: Eugenio Azkue (Orio, 1822-Donostia, 1890), Juan Brocheton (Donostia, 1826-Madril, 1863), Antonio Maria Lekuona (Tolosa, 1831-Ondarroa, 1907), Eugenio Arruti (Luanco, 1841-Donostia, 1889), Isidro Gil Gabilondo (Azkoitia, 1842-Burgos, 1917), Jose Etxenagusia (Hondarribia, 1844-Erroma, 1912) eta Pedro Venancio Gassis-enak (Pasai Donibane, 1850-Burgos, 1896).
Erlijio gaiak, historikoak zein profanoak landu zituzten. Eta koadroetan eszena herrikoiak eta burgesiaren erretratuak ere ikus daitezke. Gehienetan bertako paisaiarekiko lilura plazaratu zuten haien margolanetan.
Zazpi artista horiek, Gipuzkoako erromantizismoaren aitzindariak dira. Marrazkiari eta irudia menderatzeari garrantzia eman zion belaunaldi batekoak dira. Garai zail batean bizitzea egokitu zitzaien, karlistaldien garaia baitzen, eta gizartea baserritar izatetik hiritar eta industrial izatera igarotzen ari zen. Hurrengo belaunaldiko euskal margolarien maisu ere izan ziren, eta, hain zuzen ere, azken horien ospeak beraien maisuen lana itzalean geratzea eragin zuen eta gehienak ahaztuta egon dira.
Gipuzkoako Pintore Erromantikoak erakusketa asteartetik igandera ikusi ahal izango da 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara, abuztuaren 18ra arte.


