Gomez: "Bilduk bere ideiak inposatu nahi dizkigu, zer jan behar dugun ere erabakiz"
Ramon Gomez PPko zinegotziak Bilduk Aste Nagusiko ekimen guztiei kutsu politikoa eman nahi diela salatu du. Saguesen egiten diren kontzertuak “gero eta abertzaleagoak” direla adierazi zuten alderdi popularreko kideek duela egun batzuk.
Oraingoan, berriz, oso haserre agertu dira Aste Nagusiko gastronomia eskaintzarekin. Kursaal inguruan gune batzuk egokitzen dituzte hainbat herrialdetako janariak dastatzeko aukera eskainiz. Gomezen esanetan, ordea, “munduko janariak diote, baina Bilduk aukeratutako lurralde independentistetako janariek bakarrik izango dute aukera, horixe baita aukezteko baldintzetako bat; Bilduk bere ideiak barneratu nahi dizkigu donostiarroi zer jan behar dugun ere erabakiz, eta ez gaude hori onartzeko prest”.
Aurten Palestina, Venezuela, Bretainia, Korsika eta Saharako jakiak dastatzeko aukera izango da.


