Hiru zuzendari donostiarren lanak hautatu dituzte Kimuak 2013 katalogorako
Hautatu dituzte dagoeneko Kimuak 2013 katalogoa osatuko duten filmak. Guztira, aurkeztutako 75 proposamenen artean, zazpi film labur hautatu dituzte katalogo berria osatzeko, eta horien artean, honako hiru zuzendari donostiarren lan bana hautatu dute: Aritz Moreno, Borja Kobeaga eta Aitor Iturriza.
Edonola, honako film laburrek osatuko dute Kimuak 2013 katalogoa: Aritz Morenoren Colera, Borja Kobeagaren Democracia, Aitor Iturriza eta Bernat Gualen mallorcarraren Una hora, un paso, Lander Camarero bilbotarraren A political story, Izibene Oñederra azkoitiarraren Hotzanak, Raul de la Fuente iruñearraren Minerita, eta Asier Altuna bergararraren Zela Trovke. Katalogo berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialki, Donostiako Zinemaldian.
- Aritz Morenok hirugarren film laburra du Kimuaken, 2008an Cotton Candy eta 2011ean Bucle izan ostean. Oraingoan, Richard Corbenen Terminated (Exterminio) komikian oinarritutako Colera film laburra aurkeztu du, herri batek bere gaitza ezabatzeko saiakera kontatzen duena.
- Borja Kobeagak ere parte hartu izan du Kimuaken, beste lau aldiz, La primera vez (2001), Eramos pocos (2005), Limoncello (2007) eta Un novio de mierda (2010) lanekin. Democracia, sistema politiko honen gaineko komedia karmikoa da.
- Una hora, un paso dokumental fikzionatua, Aitor Iturriza donostiarrak Bernat Gual mallorcarrarekin batera ESCACeko Zuzendaritza Masterrean zuzendutako proiektua izan da. Juan Jose Gonzalez Beltran preso ohiaren istorioa kontatzen du, Egipton heriotza zigorra jaso zuena.


