Nahikari Otaegiren aldeko ekimen bat jarri dute abian, "amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan"
Nahikari Otaegi presoari babesa emateko ekimen bat sortu dute Donostian. Manifestu bat osatu dute, eta atxikimenduak biltzen ari dira. Hain zuzen ere, Otaegik zazpi hilabeteko alabarekin batera sartu behar izan zuen Aranjuezeko kartzelan, joan den apirilean, eta ekimenarekin bere senideek jasan behar duten sakabanaketa egoera salatu nahi dute. “Ez dugu ulertzen Euskal Herrian bide berriak irekitzen ari garen garaiotan, estatu espainiarrak eta frantsesak nola eutsi diezaioketen azken urteotako jarrerari. Are gutxiago zigor bidegabeen ondorioz, dozenaka haur ama zein aitarengandik urrun egotea”, adierazi dute Nahikari Aske ekimenaren bultzatzaileek.
Ekimenaren funtsa, Otaegiren kartzela zigorra manifestuaren sinatzaileen artean banatzea da, bakea eta giza eskubideen aldeko ekimen gisa. Horretarako, ezarritako zigorraren egunak babesa emango dutenen artean banatu eta betetzeko asmoa adierazi nahi dute. Hala, preso donostiarraren kartzela zigorrari dagozkion egunak beteko lituzkete txandaka Otaegi gatibu dagoen Amen moduluan, “berak bere amatasuna espetxetik kanpo bizi dezan, seme-alaben ondoan”.
Nahikari Otaegi zazpi hilabeteko haurrarekin aurkeztu zen joan den apirilaren 26an Aranjuezko espetxean, senide eta lagunek babestuta. Hiru urteko semea ere badu, baina hori aitarekin geratuko zen kalean. “Familian lau gara eta semea aitarekin geratuko da, familia erdibituko da”, adierazi zuen gazteak, kartzelan sartu aurretik.
Espainiako epaitegiek zigortutako Donostiako zortzi gazteetako bat da Otaegi. Ertzaintzak apirilean atxilotu zituen Aske Gunean Aitor Olaizola, Oier Lorente, Adur Fernandez, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Mikel Arretxe. Eta Imanol Vicentek egun batzuk geroago aurkeztu zuen bere burua Martuteneko espetxean.
Segi erakundeko kide izatea egotzita sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Nahikari Otaegiri, eta ondoren Auzitegi Gorenak berretsi zuen epaia. Lau urte eta erdi geratzen zaizkio betetzeko donostiarrari.


