Bost gorpuzkin aurkitu dituzte Ingelesen Hilerrian egiten ari diren indusketa lanetan
Ingelesenhilerria.blogspot.com.es webgunean
Ingelesen Hilerrian berreskurapen arkeologiko eta antropologikoak egiten aritu dira lehen aldiz. Ekainaren 3an hasi ziren indusketa lanak eta ostiral honetan amaituko dituzte. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen gidaritzapean, 17 eta 18 urte bitarteko 29 gazte aritu dira, borondatez indusketa lanak egiten.
Hiru hobi egin dituzte, eta bost gorpuzkin aurkitu dituzte. Horietatik hiru, nahiko egoera onean daude, eta datu asko biltzea espero dute. Hiru gorpuzkin oso osorik daude; gazteak ziren denak, 16 urte ingurukoa horietako bat. Dena dela, Lurdes Errasti arkeologo eta historialariaren esanetan, “hobekien dauden hiru gorpuzkinak aztertuta ikusi dugu, hezurretan ez dutela zauririk, baina bala zatiak ere aurkitu ditugu, beraz, tirokatuta hilak dira. Dena den, ez dago pertsona hauek identifikatzen dituen aztarna argirik. Hau da, ez dago jakiterik soldadu frantsesak edo ingelesak ziren”. Orain, Aranzadiko Antropologia Fisiko saileko lantaldea ari da aztarnak aztertzen.
Izan ere, Ingelesen Hilerrian ehortzitako gorpuzkin gehienak 1836 eta 1837 urtekoak dira, Donostiako aldirietan hildako Legio Britainiar Laguntzaileko ofizialenak, baina baliteke 1813ko gorpuzkinen bat ere egotea tartean. Frantsesen hilobi kolektibo bat dagoenaren susmoa ere bada, baina momentuz ez dute topatu.
Dena dela, argi dago gazteek aurkitu dituzten bost gorpuzkinak zerraldoetan zeudela, beraz, aurkikuntza hauek Urgulleko inguru honetan gudan hildakoak lurperatzeko zegoen ohitura berresten dute.
Lurzorua garbitu, harriak atera, lurra mugitu…lan neketsua izan dela aitortu dute indusketa lanetan parte hartu duten gazteek, baina oso “aberasgarria”. 2013tik 1813ra gazteen auzolanez ekimenaren bidez ikusi eta ikasi duten guztia