Aintzinako erara ospatuko dute San Joan bezpera aurten
Hiriaren erreketa eta berreraiketaren bigarren mendeurrena dela eta, San Joan bezpera, XIX. mendean girotuta ospatuko dute aurten Parte Zaharrean.
Igande goizean hasiko dira ospakizunak. Idiek garraiatuko dute zuhaitza Saguestik Konstituzio plazara, eta lehengo erara zutituko dute. Zuhaitzaren ezarpena udalaren Txistulari Bandak eta Amaia Agirre eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek girotuko dute, eta hainbat dantza taldek San Joan bezperak ohiko dantzak dantzatuko dituzte.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, zuhaitzari su eman aurretik, udal ordezkariek Esku dantza eta Soka dantza dantzatuko dituzte. Goizaldi taldeak, berriz, ohiko San Joan zortzikoari ekingo dio, erromeriari hasiera emanez.
Auzoetako Sanjoanak
Parte Zaharrean aintzina egiten zuten moduan ospatuko dute, baina hiriko beste hainbat auzotan ere sua izango da protagonista.
Saguesen, sardina jatea izango dute afaltzeko. Trikitixa eta lore banaketa egingo dute, 20:30ean. Ondoren, aurreskua dantzatuko dute eta 20:30ean piztuko dute sua. Ondoren, erromeria egingo dute Bide Batez taldearekin.
Martutenen arratsaldean hasiko dira auzoa girotzen. Haurtxokoan, adibidez, 17:30ean akelarrea egingo dute.
Igeldon koplarien irteera egingo dute 22:30ean, Bixente Gorostidi, Muñoa eta bertso eskolako ikasleekin.
Loiola, 21:00etan emango diote ongi etorria Zelestina sorginari Latsarien plazan, eta kalejiran ibiliko dira.
Herreran eta Antiguan festa giroan ospatuko dute San Joan bezpera, eta 21:30etik aurrera piztuko dute sua.
Hitzordu batzuk aipatu arren, hiriko auzo guztietan piztuko dituzte San Joan suak igandean, beste urte batez bizipen txar guztiak erre eta berriei ongi etorria emanez.



