Lehen aldiz haur eta gurasoentzako atal berezi bat egingo dute: Txikijazz.
Bigarren Jazzaldia Saria Lee Konitz konpositore eta saxofoi jotzaileak jasoko du.
48. Jazzaldiak ekarriko dituen azken berritasunak eta egitarau osoa aurkeztu dituzte gaur. Miguel Martin jaialdiaren zuzendariak aitortu du “amestutako” egitaraua lortu dutela, eta pozik agertu da “zorigaiztoko 2013 urte honetan” emanaldi entzutetsuz betetako Jazzaldi bat egin dutelako. Jaialdia izar handiekin hasi eta bukatuko dela esan du Martinek. Inaugurazio ekitaldia (uztailaren 24an), Jamie Cullum gaztearen kontzertuarekin hasiko da Zurriola hondartzan; eta azken egunean (uztailaren 28an) Diana Krall musikariak joko du, Kursaal Auditorioan. Elvis Costellok uztailaren 25ean eta doan emango duen emanaldia ere aipatu du, kontzertu garrantzitsuenen artean. Eguraldi onak jaialdiarekin bat egiten badu, Jazzaldiak milaka pertsona erakarriko dituela uste du Martinek.
Jaialdiak ekarriko duen berritasun garrantzitsua da Txikijazz izeneko atala. Haur eta gurasoentzat prestatu duten egitarau berezia da. Txikienak kulturara hurbiltzeko asmoz sortu duten egitasmoa da, eta euskaraz egingo dute. Txikijazzaren tailer eta jarduerak goizez egingo dituzte Kursaaleko terrazetan, uztailaren 24tik 28ra. Familientzako jolasgune bat jarriko dute, material birziklatuekin musika tresnak egiteko tailer bat egingo dute, DJ Makalak sorkuntza tailer bat emango du, ipuin kontalariak… Guztia doan izango da.

Bigarren Jazzaldia Saria nork jasoko duen ere esan dute aurkezpenean. Jada iragarrita zegoen Juan Claudio Cifuentes sarituko zutela jazza komunikabideetan zabaltzen egindako lanagatik. Bigarrena musikari batek jasoko du, Lee Konitz (Chicago, AEBak, 1927) konpositore eta saxofoi jotzaileak. Cool jazz delakoaren sorreran parte hartu zuen Konitzek, Miles Davisen
Birth of the Cool lanaren grabaketa saioetan egon baitzen. Lehenago ere Jazzaldian izan da: 1978ko eta 1995eko ekitaldietan. Lehen aldiz lider gisa etorriko da, berak gidatuko du eta bere laukotea.
Erakusketa batek artista donostiar batek Jazzaldiarentzat egindako kartelak erakutsiko ditu. Izan ere, Tomas Hernandez Mendizabalek (Donostia, 1940) 1967tik aurrera hainbat kartel egin zituen jaialdiarentzat. Udal Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan izango da ikusgai
deJazz 1967 erakusketa.