Eva Salaberriak 2016 proiektuaren kudeatzaile izateari utziko dio
Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuaren bosgarren bilera egin zuten atzo. Eva Salaberria kudeatzaileak dimisioa eman zuen.
Eva Salaverriak lau urte daramatza 2016 Europako Kultur Hiriburutza egitasmoaren koordinazio eta kudeaketa lanetan, baina erantzukizun hori uztea erabaki du. Salaberriak amaitutzat eman du Donostia 2016 zuzendaritzan egindako lana. Halere “baldintzarik gabeko konpromisoa” mantenduko duela adierazi du, eta etorkizun laburrean proiektuan lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu du.
Bestalde, 2016 Fundazioak garai berri bati ekin dio, eta izendapen berri batzuk egin ditu egitasmoa indartzeko. Hala, Hiriburutzaren bulegoan sartuko diren zazpi lagunak hauek izango dira: Garbiñe Muñoa, finantza zuzendaria; Enara Garcia, partaidetza arduraduna; Eneko Garate, nazioartekotzearen arduraduna; Itziar Elizondo, komunikazio arduraduna; Xabier Paya, Ahotsen Itsasargiaren arduraduna; Inesa Ariztimuño, Bakearen Itsasargiaren arduraduna; eta Ainara Garcia, Bizitzaren Itsasargiaren arduraduna.
Zazpi pertsona berri horien sarrera 2016 Bulegoa egoitza berrira lekualdatzen denean gertatuko da, Donostiako Suhiltzaileen eraikin zaharrera, Easo kalera. Uztailaren bigarren hamabostaldian izango da, aurreikusten denez.



