Hamaiketako eder batekin hasi dute Herreran San Luis eguna
San Luis eguna da gaur, egun handia Herreran. Udako lehen eguna da baina kalerako girorik ez duenez egiten mahaiaren bueltan bildu dira herreratarrak.
Goizen goiz txistularien dianek esnatu dute auzoa. Eta mezaren ondoren, Herrera kirol elkartean bildu dira. Jubilatu elkarteko kideak izan dira gehienak, dagoeneko ohitura bihurtu baita auzoko nagusienei hamaiketako eder bat eskaintzea San Luis egunean. Gazteak ere gonbidatzen dituzte, baina prestaketa lanetan jardutea nahiago izaten dute nonbait.
Izan ere, gaur ospatzen dute gazteen goitik behera saioa, adibidez, 17:00etatik aurrera. Haur eta helduen danborrada egingo dute 19:30etik aurrera, eta kalejiran ibili ondoren, berriro ere mahaira. Nahikoa sardina jandakoan, musika festa. Gaur gauean, Skasti, Luz de Putas eta Ingo al deu taldeak arituko dira.
Herreratarrak auzoko jaien bigarren asteburuaren atarian dira. Aurrekoa oso gustora igaro zutela aitortu dute, eta jaien azken egunak ere hala pasatzen ahaleginduko direla.
- Herrera kirol elkartean hamaiketakoa egin dute. (Argazkia: Agurtzane Altuna)




