2016 Fundazioa, Donostiako Piratak eta EHZ jaialdia elkarlanean sakontzen ari dira
Euskal Herria Zuzenean jaialdiak Lekorneko gaztelua (Lapurdi) hartuko du. Auzolana oinarri duen egitasmoa da, eta 700 laguntzaileri esker egiten dute, 1996. urtetik. Aurten, Donostia 2016 Fundazioak EHZ jaialdiaren alor batekin lankidetza egin du. Igor Otxoa Donostia 1016ren proiektu zuzendariak azaldu du elkarlan honen oinarria.
Otxoaren ustez, jaialdiak Donostia 2016ren motorra diren balioak islatzen ditu: “Parte hartzean oinarritzen da. Urtez urte hainbat boluntarioren laguntzarekin ateratzen da aurrera jaialdia; sarea hedatuz dijoa, eta beste herrialdetako eragileekin osatuz dijoa”. EHZ jaialdia “desberdinen elkargune eta topagune” gisa definitu du Otxoak: “Belaunaldi desberdinak, amateurrak eta profesionalak, leku desberdinetako laguntzaile eta parte hartzaileena”. Egitasmoaren “izaera sozial eta eraldatzailea” ere azpimarratu du: “Iraunkortasuna, elikadura subirotasuna, bertako ekoizleen garrantzia… Hainbat arlo jorratzen dituzte guretzat garrantzitsuak direnak, eta gizartea eraldatzeko nahi horrekin bat egiten dugu 2016tik”.
Donostia 2016rentzat EHZ jaialdiaren egitasmoa “eredugarria” dela azaldu du: Guk prozesu bat sortarazi nahi dugu, prozesu eraldatzaile bat, eta eredugarria da guretzat EHZk 18 urte hauetan egin duena”. Horregatik, jaialdiaren Sorgin eta Artean sorkuntza programekin kolaboratzaile gisa ariko da. Sorgin programan diziplina anitzeko sortzaileak elkartzen dira prozesu berean. Aurtengo abiapuntua Willis Drummond taldeak Fermin Muguruzarekin elkarlanean jaialdiarentzat sortu duten kanta izan da. Abestiaren bideoklipa hainbat herritarren argazkiekin osatzen ari dira, eta jaialdian bertan grabatuko dituzten irudiekin bukatuko dute. Artean programan EHZ jaialdia egiten den espazioa artearen bidez egokitu egiten dute. Iñaki Vikendi, Pette Etxebarria eta Diddue Etcheverry artistek gune berezi bat sortu dute: Atseden gune bat . Atseden gune horietan hainbat pieza sortu dituzte. Jaialdia bukatzen denean bertan geratuko dira pieza horiek, bertako udalarekin elkarlanean ari baitira proiektua hau egiten.
“Olatuak norabide zuzena hartzen ari dira”
Donostiako Piratak eta EHZ jaialdia ere elkarlanean sakontzen ari dira. Haritz Barelak hartu du hitza Piraten izenean. Piraten ekimenak eta EHZ jaialdiak “abiapuntu oso parekoak” dituztela uste du: “Gehien erakartzen gaituena auzolana da. Auzolanaren bitartez lortu du jaialdiak egun duen dimentsioa. Eta horrek guri kristoren poza ematen digu, azkenean Iparraldea eta Hegoaldekeria hori apurtzen duen zubia izan daitekeelako”.
Piratak ere laguntzaile gisa izango dira EHZ jaialdian. Gaur arratsaldean bertan joan dira Lekornera. Piraten hamargarren urtemugaren harira egindako dokumentala aurkztuko dute bertan, baina batez ere, EHZ jaialdiaren egitasmoa ezagutu nahi dutela azpimarratu du Barelak: “Hango esperientzia ezagutu eta haiekin ikasiko dugu”. Bestalde, pozik agertu da Barela, Donostia 2016 Fundazioak EHZ egitasmoa babestu duelako: “Donostia 2016 Fundazioa proiektu honen atzean dago, eta ikusten da olatuak norabide zuzena hartzen ari direla; eta piratak gero eta gusturago eta etxean sentitzen ari garela”.
Autobusak Donostiatik
Archive, Jimmy Cliff, Fermin Muguruza, Keny Arkana, Anestesia, Willis Drummond, Black Lips… Hiru eguneko egitaraua dakar EHZ jaialdiak. Donostiatik gainera autobusak izango dira; erreserba egin behar da aldez aurretik.
Donostia 2016 Fundazioak Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren bi sorkuntza programa lagundu ditu.
Donostiako Piratak jaialdiaren lan prozesua ezagutzera joan dira gaur Lekornera.
Asteburuan