Donostiarraren entrenamendu saioetako bat, Pasaiako uretan (Argazkia: Nagore Koch)
KAE-1 Liga abiatu da. Zierbena izan zen aurtengo lehen estropadaren eszenatokia, atzo goizean, eta etxekoek beraiek eraman zuten XXX. Petronor Bandera. Donostiarrak txukun hasi zuen estropada, baina ziaboga txar batek segundo dezente galduarazi zizkion, eta hirugarren luzea ere ez zen onena izan: azken emaitzan nabariak izan ziren akatsak. Edonola, datorren asteburuko estropadan, bigarren txandan lehiatuko da
Torrekua, zortzigarren postuan geratu baitzen atzo. Hain zuzen ere, Elantxobeko XXVI. Bandera egongo da jokoan Ligako bigarren jardunaldian; igandean, 12:00etan. Honakoa adierazi zion Xabier Zabala
Bixkar entrenatzaileak IRUTXULOKO HITZAri emandako elkarrizketan, lehen bi estropaden inguruan: “Lehenbiziko bi estropadak, egia esan, konplikatu xamarrak dira. Batetik, traineru zaharrarekin joango garelako, berria oraindik ez dugulako jaso; hirugarren estropadarako uste dugu izango dugula, Trintxerperako. Lehenengo bi eremuak itsaso zabalean dira, nahiko noblea Zierbenan, poparean etortzen den olatuekin, eta trabeska xamar Elantxoben, errebote askorekin askotan, itsasoaren arabera. Talde honentzako konplikatuak izango diren bi eremu dira. Bestetik, gainera, non ibiliko garen ezarriko duten bi estropada dira, hasierak beti garrantzitsuak dira eta ea gai garen ongi hasteko”.
XXX. PETRONOR BANDERA (ZIERBENA). SAILKAPENA:
- Zierbena. 20:50.78 (12 puntu)
- Lekittarra. 21:13.75 (11 p.)
- Itsasoko Ama. 21:13.93 (10 p.)
- Getaria. 21:21.38 (9 p.)
- Ondarroa. 21:28.09 (8 p.)
- Orio. 21:41.04 (7 p.)
- Trintxerpe. 21:46.94 (6 p.)
- Donostiarra. 21:48.05 (5 p.)
- Santoña.21:58.59 (4 p.)
- Busturialdea – Elantxobe. 22:07.55 (3 p.)
- Zarautz. 22:21.90 (2 p.)
- Camargo 22:25.15 (1 p.)