Bilduko zinegotziek eta alkateak presoen aldeko neurriak aurkeztu dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bilduko zinegotziek eta alkateak euskal presoen eskubideak aldarrikatu dituzte, eta eskubide horien defentsan hartuko dituzten neurriak aurkeztu dituzte Alderdi Ederren.
Gainera, Juan Karlos Izagirre alkateak, herritarren ordezkari gisa, jendartearen eskaerei erantzuten saiatuko direla adierazi du; “euskal presoen eskubideak aldarrikatzen ditugu, eta behar diren pausoak eman eta neurriak hartzeko prest gaude”, esan du alkateak.
Giza eskubideen errespetua eta “bakea eraiki beharra” ere azpimarratu dituzte, eta ildo horretan, “euskal gizartea aurrerapausoak ematen ari den neurrian, gero eta ulergaitzagoa egiten zaigu Madrilgo eta Pariseko gobernuek ezarri duten blokeo egoera”, adierazi du Izagirrek.
Euskal presoak Euskal Herrira gerturatzearen beharra ere aldarrikatu dute, eta 77 donostiar daudela preso gogorarazi dute, horietatik sei, zigorraren hiru laurdenak beteta daude eta kalean behar lukete, baina 197/2006 doktrinaren eraginez kartzelan jarraitzen dute oraindik.
Udal gobernuak hartuko dituen neurriak
Euskal presoen eskubideak aldarrikatuz, Bilduko udal ordezkariek hainbat neurri hartuko dituzte aurrerantzean:
-Donostiako presoen egoeraren inguruko udal txostena osatuko dute, eta sei hilabetero berrituko dute.
-Txostena Kartzela erakundeetara, Entzutegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileari, Justizia Ministeriora eta Estrasburgoko Giza Eskubideen batzordeari igorriko diote jasotzen diren eskubide urraketak ekiditeko eskatuz.
-Hiriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaliko diete.
-Udal ordezkari gisa, udalbatzarretan presoen eskubideen aldeko txartela eramango dute.
-Aldian aldian herriko presoen senideekin bilerak egingo dituzte, bizi duten egoeraren berri zuzena izateko.
-Giza Eskubideen Batzordean presoen eskubideekin lotutako ekimen zehatzak aurkeztuko dituzte.