Josetxo Ibazeta (Argazkia: Amaia Portugal)
Espainiako Auzitegi Nazionalak Josetxo Ibazeta absolbitzea erabaki du. Eurokopan Espainiako selekzioak lortutako garaipena ospatzen ari ziren hiru lagunekin hika mika izan zuen Ibazetak, Parte Zaharrean, iazko uztailaren 1ean. Garai hartan, Juan Karlos Izagirre alkatearen idazkaria zen. Ondoren, gertatutakoagatik barkamena eskatu zuen Ibazetak berak, eta kargua utzi zuen; hala ere, epaitua izan zen, mehatxuak egitea eta terrorismoa goratzea egotzita. Auzitegiaren ustez, ordea, Ibazetaren hitzak ezin dira mehatxutzat hartu, “ez dago aukera errealik horiek betetzeko”, dio epaiak. Epaileek diote frogatuta geratu dela “Gora ETA militarra” esan zuela, baina fiskalak horregatik auzipetu ez duenez, ezin dutela zigortu.
“Ezin da esan ahozko gertakari batek, taberna giroan eta futbol partida baten ondoren, ordena konstituzionala iraultzeko asmoa izan dezakeenik”, dio epaimahaiak. Gainera, epaiaren esanetan, ezin da frogatu Ibazetak eskuarekin pistola imintzioa eginez hiru jarraitzaileak mehatxatu zituenik.