San Joan suarekin dantzan, Saguesen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gaitz eta bizipen txar guztiak erre eta gorputz eta arima biziberritzeko gaua da gaurkoa, San Joan bezperakoa. Sorginkeria eta magiaz beteriko uste eta ohituretan oinarritutako gaua beste askorentzat. Edo besterik gabe, urteko gainerako egunetan debekatua egoten denez, kalean su txiki bat piztu eta lagun artean ongi pasatzeko aprobetxatzen dute gazte askok.
Halaxe egin dute iluntzetik aurrera Saguesen eta Zurriolako hondartzan ere. Egunaren argia itzaltzen joan den heinean, hondartzeko su txikien argiak pizten joan dira, ipurtargien antzera.
Saguesen ere jende ugari elkartu da, bertakoa izaten baita agian, surik ikusgarriena. Hesiaren atzetik bada ere, auzotar eta bisitari andana elkartu da paper, kartoi eta egur pila erraldoiaren ingurura. Sua pizterakoan izan den eztanda ere neurri berekoa izan da. Auzoko bi kidek zuten aurten sua pizteko ardura eta susto galanta hartu dute aurreikusitakoa baina eztanda handiagoa izan baita. Antolatzaileen arabera, 50 litro erregai erabili dituzte paper, kartoi eta egur pila bustitzeko, aurreko urteetan baina gutxiago, beraz, aurreko egunetan egindako euriaren ondorioz kartoi pilak zuen hezetasunak eragingo zuela eztanda uste dute.
Eskolako paperak sutara bota dituzte askok. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dena dela, ez da zauriturik izan eta festa giroa izan da nagusi Saguesen. Su garrek duten magiaren ondorioz, dizdira eta argitasun itsugarriari begira egon dira denbora luzez asko eta asko. Beste batzuk berriz, su handitik gertu beste su txikiagoak piztu dituzte. Bakoitzak bere neurriko errituak egin ditu: su gaineko saltoak, eskolako lanak erre, san joan belar eta loreak sutara bota edo suaren inguruan dantzan aritu dira beste asko.