
Antiguako Pilota Txapelketaren aurkezpena. Pilota federazioko Mikel Arregi, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Antiguako Pilotazaleakeko presidente Jesus Mari Rubio (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako pilotazaleek galdu ezin duten urteroko lehia izaten da Antiguako Pilota Txapelketa. Aurten ere ez du hutsik egingo eta pilotari afizionatu onenak Antiguako frontoian lehiatuko dira; ez baita ahaztu behar, egun Euskal Herrian afizionatu mailan jokatzen den lehia zaharrena dela. Aurten, 65. txapelketa izango da. Hori bai, aldaketa nagusi bat izango du, izan ere, aurreko urteetan hiru mailetan banatua egon den arren, aurten bi maila baino ez ditu izango; jubenila eta heldu maila. Datorren uztailaren 3an hasiko da 2013ko txapelketa, eta guztira 24 bikotek jokatuko dute. Hala, maila bakoitzean, 12 bikote arituko dira nor baino nor. Partidak astean zehar jokatuko dituzte, 19:00etan, aste bakoitzean bi edo hiru egunetan, eta ia bi hilabeteren ostean, finalak abuztuaren 25ean izango dira, goizez. Guztiaren berri zehatza emateko txapelketaren aurkezpena egin dute arratsaldean, Antiguako frontoian, hainbat zale eta pilotariren artean. Aurkezpenean izan dira Jesus Mari Rubio, Antiguako Pilotazaleok taldeko presidentea; Juan Karlos Izagirre alkatea, eta Mikel Arregi, pilota federazioko presidentea.
Rubiok azaldu duenez, txapelketa bi mailetara estutzeko arrazoiak bat baino gehiago izan dira: “Arrazoi askok eraman gaituzte erabaki hori hartzera. Egoera ekonomikoak eragina izan du, baina aldi berean, zaila da hiru mailetan puntako pilotariak biltzea. Gainera, enpresek geroz eta pilotari gazteagoak nahi dituzte profesionaletarako”. Gainontzean, txapelketa betiko moduan antolatu dute. Hau da, maila bakoitzean lau multzo antolatu dituzte eta multzo bakoitzeko bikoteek ligaxka jokatuko dute euren artean. Ondoren, multzo bakoitzeko bi bikote onenek egingo dute aurrera.
Alkatea harro agertu da txapelketaz eta auzoan pilota errotzen asko lagundu duela esan du. “Antolatzaileak zoriondu nahi ditut, eta eskerrak eman nahi dizkiet egiten duten lanagatik. Desio bat ere badut, txapelketak luzaroan iraun dezala eta aurten ere lehia polita izan dadila”, aipatu du alkateak. Arregik, berriz, argi utzi du Antiguako txapelketa eredugarria bihurtu dela, eta auzotarrek lehiaren antolaketarako borondatez sartzen dituzten orduak goraipatu ditu.
Jubenilak:
- I. MULTZOA: Larunbe-Sarasa; Elizalde-Alduntzin; Errandonea-Olaizola
- II. MULTZOA: Bakaikoa-Medina; Labaka-Xanet Imaz; Espinal-Ibarrondo
- III. MULTZOA: Alkasene-Mendi; Larrañaga-Agirre; Mujika-Iruretagoiena
- IV. MULTZOA: Altuna-Erasun; Elordi-Otadui; Andoni Ugalde-Aranguren
Helduak:
- I. MULTZOA: Sancho-Kerman Galarza; Urretabizkaia-Urruzola; Arrieta-Ander Imaz
- II. MULTZOA: Artola-Tolosa; Ojuel-Gorrotxategi; Etxaniz-Aizpuru
- III. MULTZOA: Urbieta II-Telletxea; Andreu-Bolinaga; Apezetxea-Perez
- IV. MULTZOA: Azpiri-Landaburu; Ansotegi-Peñas; Bixintxo-Arratibel

Antiguako pilota txapelketaren aurkezpenean hainbat auzotar eta pilotari bildu dira (Argazkia: E. Zabala)