Informazio puntu berri bat jarriko dute Alderdi Ederren uztaila eta abuzturako
Donostiara datozen bisitariei ahalik eta zerbitzurik onena emateko bigarren informazio gune bat irekiko dute. Alderdi Ederren egongo da uztailaren 8tik abuztuaren 18a arte.
Josu Ruiz, garapen ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, “informazio bulegoa izan ohi da turistek bilatzen duten lehen lekua, eta bertako arreta egokia bada, egonaldia ere atseginagoa izango da, beraz, informazioa eskaintzeko baliabideak handitu ditugu”.
Alderdi Ederreko informazio puntu berria Foru Aldundiak eta Donostia Turismoak elkarlanean sortutakoa da; bi erakundeetako ordezkarien arabera, “beharrezkoa” iazko datuen arabera, bisitariek bataz beste 40 minutuz itxaron behar izan baitzuten hiriari buruzko informazioa eskuratzeko.
Aurten gabezia hori konpondu nahi izan dute bigarren informazio puntua eskainiz, baina baita Bulebarreko informazio bulegoko zerbitzuak indartuz ere.
Informazio guneetako zerbitzuak
Bi guneetan informazio orokorraz gain, egunean bertan hirian burutuko diren ekimenen berri zehatza jasoko dute turistek, eta nahi izanez gero ekimen horietarako sarrerak bertan erosteko aukera izango dute.
Gainera, Bulebarreko bulegoko ordutegia zabaldu egingo da, jende gehien biltzen den orduetan. Hala, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; igandetan 10:00etatik 19:00etara; eta jai egunetan 10:00etatik 20:00etara.
Turistentzako eskaintzari dagokienez, azken hilabeteotako eskaerari erantzunez, urte osoan zehar eskaintzen diren hiru bisita gidatuak zabaldu egingo dira udan, astean bitan edo lautan eskainiz.
Bestalde, udan beste hiru bisita gidatu jarriko dituzte abian:
-‘Donostia bizikletaz’: bizikletaz erakutsiko dituzte hiriko lekurik berezienak. Uztailean egunero egingo da ibilbidea, 17:00etan. Abuztuan ere egunero egingo da, 11:00etan eta 17:00etan.
-‘1813-2013, bigarren urteurrenaren ibilbidea’: uztaila eta abuztuan asteazkenetik igandera egingo dute, 19:00etan hasita.
-‘Donostia, euskal hiria’: Bagera elkartearen laguntzarekin antolaturiko oinezko ibilbide kulturala da, turistei eta bertakoei hiriko euskal kulturaren eta euskararen beraren zantzuak ezagutaraziko dizkiena. Uztailen, abuztuan eta irailean, asteartetan egingo dute, 18:00etan.
Turismo datu positiboak
Manu Narvaez, Donostia Turismoko zuzendariak adierazi duenez urteko lehen bost hilabeteak oso onak izan dira Donostiara etorritako bisitari kopuruari dagokionez. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko probintzietan ez bezala, Gipuzkoan egonaldi kopurua igo egin da urte hasieran, eta uda ere oparoa izatea espero dute.


