Judith Jauregik bere bigarren diskoa aurkeztuko du Viktoria Eugenia Antzokian
Judith Jauregi Aieteko pianista ezagunak kontzertua eskainiko du bihar bertan, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Bere bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko du, Para Alicia, inspiracion española, otsailean kaleratutakoa. Kritikak maiz nabarmendu du Jauregiren gaztetasuna, freskotasuna, naturaltasuna eta dotorezia, baita komunikatzeko duen ahalmen handia ere azken urteotan. Prentsaurrekoa eman du gaur pianistak kontzertuaren berri emateko, eta beretzako zinez berezia izango dela onartu du. “Egun berezia izango da, justu duela urte eta erdi, 2011ko urtarrilaren 26an aurkeztu nuen nire aurreko diskoa Donostian. Egia da hau nire bigarren diskoa dela, baina nire zigiluarekin, BerliMusic-ekin, egin dudan lehena da. Guztiz harro nago egindako lanaz, eta aukera onena hartu dudala uste dut nik neuk argitaratuz”, azaldu du Jauregik. Izan ere, diskoa kaleratzeko bi disketxe handiren eskaintzak izan dituela azaldu du, baina bere ustez, eskaintzen ziotena eta trukean eskatzen ziotena ez zeuden orekatuak. Edonola, 2009an hildako Alicia de Larrocha pianista kataluniarrari eskainitako diskoa kalean da; izan ere, bere jaiotzaren 90. urteurrenarekin bat eginez, utzitako lan oparoa eskertu nahi izan dio Jauregik. “Aliciari omenaldi gisa diskoa eskaintzea erabaki nuen, Espainiako musikagatik egin duen lana eskertzeko. Musika hori oraindik ere nazioartekoagoa bihurtu zuen. Ez nuen Alicia ezagutzeko aukerarik izan, baina bere musikarekin hezi nintzen. Asko miresten dut bere umiltasunagatik, gainera, izar bat izan zen emakume eta pertsona moduan”, aipatu du Jauregik.
Viktoria Eugeniako kontzertuan errepertorio klasikoa eskainiko du Jauregik, baina bere hitzetan, kanta ezagunak izango dira guztientzat. Granadosen Valses poeticos, Fallaren Cuatro piezas españolas eta Albenizen Suite española interpretatuko ditu Aieteko pianistak, bihar arratsaldean. “Kolore handiko musika da, eta eskertua. Argi, pasio, kolore eta baikortasun handia dute abestiek, orain behar duguna”, gehitu du pianistak.
Kontzerturako sarrerak 15, 20 eta 25 eurotan daude salgai.


